LABIren Aholku Batzordeak Lehendakaritzan egindako bileraren ostean egindako agerraldian, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gogorarazi du "ondo goazela, baina ez gaudela ondo". Sailburuak adierazi du ez ditugula nahastu behar bilakaera on bat eta egoera on bat. Zentzu horretan, aipatu du Gabonak ez dela "arriskurik gabeko" garaia, eta, horregatik, zorrotz jokatzearen alde agertu dira euskal erakundeak.
Euskal erakundeek Gabonetarako prebentzio-neurriak ezarri dituzte LABIn, eta neurri horiek Osasunaren Lurralde arteko Kontseilura eramango dituzte.
Neurriak mantenduko dira
COVID-19 txertoaren eraginkortasunari eta hurbiltasunari buruzko datuak eta baikortasun goiztiarra ikusita, sailburuak baieztatu du birusaren hedapena prebenitzeko modurik onena egungo neurriak irmo mantentzea dela. Hala, urriaren 26ko eta azaroaren 6ko Dekretuetan ezarritako prebentzio neurri guztiak aktibo mantentzea erabaki du LABIk.
Beraz, indarrean jarraituko du Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean eta pertsona bakoitzak bizilekua duen udal-ingurunean pertsonak sartzeko eta irteteko mugak; gaueko ordutegian 22:00etan zirkulatzeko mugak; jarduera sozioekonomikoak 21:00etan mugatzeak edo ostalaritza-establezimenduak ixteak, besteak beste. Abenduaren 9an neurriak berrikusiko dira.
Aldaketa puntuala saltokietan
LABIren Aholku Batzordeak onartu egin du, halaber, Lehendakariaren Dekretuaren aldaketa puntual bat, saltokien edukierari eta prebentzioari buruzko neurriak gehitzeko, erosketen jarduera seguruagoa izan dadin, Gabon-aldi osoan eta aurreko asteetan nabarmen areagotzen baita. Hala, 150 metro koadrotik gorako saltokietan % 60koa izango da gehienezko edukiera, eta % 75ekoa hortik beherakoetan.
Dekretuaren aldaketa puntual horrek, halaber, hiru foru aldundiek eta Osasun Sailak duela gutxi gizarte eta osasun zerbitzuetako zentro, zerbitzu eta establezimenduei buruz lortutako akordioa jasoko du, egoitzei eragiten dieten jarduera-protokoloak zehazten dituena.