Asteburuan, 117 positibo baieztatu dira eta Oñati gune laranjara igaro da

Uxue Igarza Loiola 2020ko aza. 30a, 13:10

Intzidentzia datua 500etik beherakoa izatea lortu du Oñatik; zehazki, 378,69koa izan zen atzo erregistratutakoa. Momentuz, semaforoaren sisteman, laranjaz dagoen bailarako herri bakarra da; zenbatekorik txikiena du, eta hurrengoak Antzuola (590,64) eta Elgeta (614,57) dira.

Egubakoitzean egindako probek 41 kasu berri hauteman zituzten bailaran: 26 Arrasaten, lau Oñatin, hiruna Eskoriatzan eta Bergaran, bina Aramaion eta Aretxabaletan eta bat Antzuolan. Bestetik, zapatuan 42 izan ziren orotara baieztatutako positiboak: 25 Arrasaten, bederatzi Bergaran, bost Aretxabaletan eta bana Aramaion, Elgetan eta Eskoriatzan. Eta, bukatzeko, atzo 34 kasu erregistratu ziren: hemeretzi Arrasaten, zortzi Bergaran, hiru Aretxabaletan eta bana Antzuolan, Aramaion, Eskoriatzan eta Oñatin.

Asteburuko datuak kontuan hartuta, honako hau da herriz herriko egoera:

HERRIA ASTEBURUKOAK KASU METATUAK 1.000 BIZTANLEKO
Arrasate +70 1.573 71,31
Bergara +20 924 61,58
Aretxabaleta +10 314 44,24
Eskoriatza +5 177 43,54
Oñati +5 494 43,51
Aramaio +4 55 36,52
Antzuola +2 139 63,15
Elgeta +1 39 34,24
Leintz Gatzaga 0 2 8,00
GUZTIRA 117 3.717 57,47

Bestetik, mapa honek jakinarazten ditu bailarako intzidentzia datuak. 5.000 herritik gorakoak dira koloreztatuta agertzen diren herriak –Osasun Sailaren irizpideak hartzen direlako aintzat–, baina zenbatekoei erreparatuta, denak koloreztatuko bagenitu, gorriz egongo lirateke. Bailarako salbuespena Oñati da, asteburu honetan igaro baita kolore laranjara.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Proben %6,7, positibo

Euskal Autonomia Erkidegoan, atzo egindako PCR eta antigeno proben %6,7k eman du emaitza positiboa: 6.467 proba egin ziren atzo eta horietatik 435 kasu baieztatu dituzte. Nafarroan, bestalde, proben %8,5ek eman du positibo. Lurraldeka, 206 izan ziren Bizkaian hautemandakoak, 177 Gipuzkoakoak, 83 Nafarroakoak, 45 Arabakoak eta zazpi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artekoak.

Ospitaleetan, berriz, 26 pertsona ingresatu zituzten atzo, eta guztira, 729 dira Hego Euskal Herriko erietxeetan daudenak. Horietatik 171 daude ZIUn.

Bestetik, gaur arratsaldean bilduko da Babes Zibileko Planaren (LABI) batzordea. Batzarraren ostean, arratsaldeko 18:00ak inguruan, Gotzone Sagardui sailburuak agerraldia egingo du, hitz egindakoaren berri emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak