Datozen urteetan ziklo-kros probak ibarrera ekartzea "zail" ikusten dute antolatzaileek

Hasier Larrea 2020ko aza. 27a, 12:58
Ziklo-kroslariak, Oñatiko lasterketako ikono diren eskailerak igotzen.

Oñatikoa izan da orain arte eskualdean iraun duen lasterketa bakarra, baina egungo egoerak ez du abenduko zita antolatzea ahalbidetuko. Lokatza bakarrik ez, sostengu ekonomikoa ere behar da modalitate horretako lehiak gauzatzeko.

Lehorteek ez diete mesederik egiten ziklo-krosean ibiltzen diren txirrindulariei. Lurzoru biguna nahiago dute, zirkuitu gorabeheratsuetan pedalei eragitea errazagoa delako horrela. Arrazoi horregatik antolatzen dira lasterketak udazkena eta negua bitartean. Zorua ureztatzean sortzen den lokatza da, azken finean, modalitate horren elikagai nagusia. Baina ez bakarra. Gainontzeko kirol-lehiaketetan gertatzen den bezala, antolaketa-maila handia eta sostengu ekonomikoa eskatzen du ziklo-kros lasterketak antolatzeak. Euria barra-barra egin dezake, baina, bi baldintza horiek bete ezean, ezin ikusi lokatzez gainezka pasatzen diren ziklistak zirkuituan barrena nor baino nor gehiago lehiatzen. Argi daukate hori Debagoienean azken bi hamarkadetan lasterketak antolatzen ibilitakoek. Laguntzarik ezean, aurrerantzean lehortean murgilduko dira bailarako ziklo-kros lasterketak.

Zailtasunak zailtasun, Aloña Mendi Kirol Elkarteak hamar urtez jarraian antolatu zuen iaz arte Oñatiko ziklo-kros proba. Eskualdean jarraipen luzea izan duen proba bakanetakoa izan da, azken urteetako bakarra. Arrasaten Dorletako Ama Txirrindulari Eskola hiru urtez murgildu zen Markuleteko lursaila zirkuitu bilakatzeko lanetan, 2016tik 2018ra bitartean. Eta hamarkada bat lehenago, ziklo-krosak eskualdean garai zailak bizi zituen urteetan, Bergarako Lokatza Ziklismo Eskolak berreskuratu zuen XX. mendean moda-modan egon zen lehiaketa antolatzeko ohitura.

Hiru lasterketa horiek aurrera ateratzeaz arduratu ziren, beste hainbat pertsonaren artean, Ruper Arkauz oñatiarra, Zigor Urain arrasatearra eta Iñigo Larrañaga bergararra.

Hirurek bat egiten dute txirrindulari gazteek halako ekitaldiak beso zabalik hartzen dituztela baieztatzeko orduan. Arkauzen esanetan: "Gure hasierako asmoa ez zen maila handiko lehiakideak erakartzea, ziklo-krosean hasiberri ziren herritarrei laguntasuna adieraztea baizik". Ildo beretik mintzatu da Larrañaga: "2006an Osintxun egin genuen lehen proba esperimentu bat izan zen guretzat, eta, harrera ona eduki zuenez, hurrengo edizioan proba puntuagarria egitea otu zitzaigun". Bigarren lasterketa hura "paregabea" izan zela gogoratzen du Lokatzako kideak, "elurra egiteaz gain, Mikel Aristi herrikidea gailendu zelako guztien artean".

Tamalez kontuak "hain distiratsuak" ez direla uste du Dorletako Amari zirkuituak prestatzen lagundu izan dion Urainek, "lan handia eta askotan esker txarrekoa" egin behar baita horiek antolatzeko: "Zirkuituetako lursailak, maiz, jabego batenak izaten dira, eta, haiek ez badaude prest uzteko, guk jai daukagu, beste zirkuitu bat prestatu behar da...".

Belgika, "eredu"

Nonbaitera begiratzekotan, Urainek eta Larrañagak garbi daukate Belgikan mimatzen dela bereziki ziklo-krosa. "Sekulako afizioa dago han, eta txirrindulari nabarmenenak, izan errepidekoak edo ez, baldintza onekin bizi dira", dio arrasatearrak. Bergararrak formakuntzan ipini du fokua: "Gazteek hemen baino errazagoa daukate kirola uztartzea, ikasteko ordutegiak hala ahalbidetzen dielako. Hemen norbera autodidakta da, ez daukagu hango metodologia hori, eta emaitzetan igarri egiten da".

Errepidera pasa da dirua

Eliteko txirrindulari gehienak errepidean espezializatu izana ez dela "kasualitatea" uste du Urainek: "Ziklo-krosean hasi ziren Haimar Zubeldia, Iban Mayo, Gaizka Lejarreta eta Gorka eta Ion Izagirre anaiak, esaterako. Baina modalitatez aldatu zuten, gaur egun errepidetik bizitzea samurragoa delako".

Ziklo-kroseko euskaldun profesional gehiago egotea gustatuko litzaieke lasterketen antolatzaileei, "orain bizpahiru bakarrik daudelako". Modalitatea indartzeko funtsezkoa iruditzen zaie hori, "baina, horretarako, telebistek eta instituzioek interes gehiago adierazi behar dute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak