Pandemiak gehien kaltetu dituen sektoreetako ordezkarien bizipenak

Maialen Santos 2020ko aza. 27a, 12:40

Osasun krisiak kalte nabarmenak eragin ditu zenbait sektoretan. Kaltetuetako batzuk dira, besteak beste, hotel edo landetxeetako arduradunak, edari banatzaileak edota bidai-agentziatako arduradunak. 

Xegun Altolagirre, Oñatiko Soraluze Hoteleko arduraduna

Azaroaren 2an ireki zuten Oñatiko Soraluze Hotela, eta bertako arduradunetako batek, Xegun Altolagirrek, azaldu du "proiektu handi bati" ekin berritan geratu behar izan dutela jarduna: "Ireki eta aste berean eman zuten tabernak ixteko agindua, eta mugikortasuna ere mugatu zuten". Hori horrela, eramateko janari-zerbitzua eskaintzen ari dira orain, eta hotela martxan dutela azaldu du: "Hala ere, kanpoko jenderik ezin dugu hartu, eta herrikoak etortzea ez da ohikoa". Azken egunetan, baina, Oñatin lanean ari diren beharginak hartu dituzte, "hiru bat edo". Eta horrek jarraitzeko "animoak" ematen dizkie.

Abenduko zubiari buruz galdetuta, aitortu du bazituztela erreserbak: "Hamar laguneko talde bat etortzekoa zan, baina bertan behera utzi dute irteera". Hala, Gabonei begira "mugimendua" sumatzen hasi gurako luke Altolagirrek.

Aitor Miner, Begarako Miner Ardoak-eko arduraduna

Miner Ardoak familiako enpresan lan egiten du Aitor Miner bergararrak. Lan egiteko baimena duten arren, ezin dute jarduna aurrera eraman, euren bezeroen %90 ostalaritza establezimenduek osatzen dutelako, "eta une honetan itxita daude guztiak". Hori horrela, "egoerara egokitu" behar izan dutela aitortu du: "Apirilean bezala, orain ere etxez etxe dihardugu edariak banatzen, baina arrakasta txikiagoa da: orain, ez gaude konfinamendu totalean, eta jendeak ez du hainbeste denbora ematen etxean". Hori gutxi balitz, antzeko enpresak ere metodo bera ari dira erabiltzen. "Enpresengana ere ari gara jotzen; Gabonei begira, gabonsarietan ardoa oparitzea aukera ona izan daitekeelako", adierazi du.

Minerrek uste du ostalaritza establezimenduen "itxiera totala" bidegabekeria dela: "Langile batzuk ERTEan ditugun arren, eutsiko diogu egoerari; baina kezkatzen nau bezeroren bat bidean geratzeak".

Maite Caballero, Arrasateko Halcon Bidaiak-eko arduraduna

Arrasateko Halcon Bidaiak agentziako Maite Caballero "kezkatuta" dago, haren eta lankide Esther Guillaumesen lan-jarduna "guztiz etenda" dagoelako. Mugikortasuna mugatuta dagoenez, aisialdiko bidaiarik ezin dute saldu. "Esan daiteke gu ere komertzio txikia garela; biok gara autonomoak. Beraz, ez badugu saltzen, ez dugu irabazirik", azaldu du.

Gehitu du abenduko zubia eta Gabonak bidaiatzeko aprobetxatzen dituztela zenbaitek, baina horiek guztiak bertan behera geratu dira: "Kanariar irletara joateko asmoa bazuten batzuek, baina ez dira joango. Une honetan, pare bat bidaia soilik ditugu pendiente", dio. Hori gutxi balitz, udako denboraldian ere ohiko salmenten "%10 soilik" egin dituzte.

Caballerok adierazi du bulegoa zabalik dutela, "bezeroei aurpegia eman gura diegulako". Eta aitortu du Gobernua prestatzen ari den txertaketa planak "itxaropena" ematen diela datorren urteari begira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak