Hilean indarkeria matxistarekin lotutako 11 salaketa inguru jartzen dira Bergarako komisarian

Karmele Uribesalgo 2020ko aza. 27a, 12:21
Argazkia: Esther Mendiaratz

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izan zen eguaztenean. Azken urteetan, mantendu egin dira kasuak, nahiz eta aurten salaketak jaitsi egin diren pasa den urteko datuekin alderatuta.

Azaroaren 25a izan zen, eguaztenean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, hain zuzen ere. Hori dela eta, mobilizazioak izan ziren nonahi, baita bailarako herri guztietan ere. Pandemiak baldintzatutako urtean, ohiko ekitaldiak moldatu egin behar izan dituzte aurten antolatzaileek, baina, hala ere, jendetsuak izan ziren Debagoienean egindako ekintzak. Izan ere, une oro COVID-19a hizpide den honetan, indarkeria matxista kasuak daude oraindik.

Urtean, Gipuzkoan, 1.300 emakume inguru artatzen dira. Ertzaintzak GOIENAri jakinarazi dionez, urte hasieratik kontu horrekin lotutako 118 salaketa jarri dira Bergarako komisarian. Debagoieneko kasuak ez ezik, Soraluzekoak eta Urola Garaikoak ere jaso ohi dituzte. Salaketa horien artean, indarkeria matxista, etxeko indarkeria eta lege-araudiaren urraketa kasuak biltzen dira. Lehenengoa emakumeen aurkako indarkeria da, emakume izateagatik jasaten dena, hain zuzen ere. Etxeko indarkeria etxebizitzako beste edozein partaidek pairatu dezake; seme-alabek edo anai-arrebek, esaterako, baita gizonezko batek haren emakumezko bikotearen aldetik ere. Dena den, indarkeria mota edozein dela ere, kasuen %90ean erasotzailea gizonezkoa izan ohi da. Salaketen artean, indarkeria matxista kasuak hamarretik sei izaten dira, etxekoak hiru eta urraketenak, bat.

Batez beste, hilean 11 salaketa inguru jarri ohi dira. Azken bi urteetan baino salaketa gutxiago jarri dira aurten. Hala ere, iazko kopurua bereziki altua izan zela adierazi du Ertzaintzak; urte hasieratik azaro bukaerara arte 145 salaketa jaso zituzten Bergarako ertzainek –urte osoan 156 izan ziren–, eta duela bi urte, 125 –137 izan ziren guztira–. Horrek ez du esan nahi kasu gehiago izan ez direnik; Ertzaintzak jasotako salaketak dira, eta, kasu batzuetan, biktimek ez dute pauso hori ematen. Emakundek adierazitakoaren arabera, indarkeria matxista jasaten duten emakumeen erdiek, gutxi gorabehera, ez dute salaketarik jartzen.

Pandemian, egoera latza

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko foru zuzendari Miren Elgarrestak azpimarratu du pandemia hasieran salaketei dagokienez "geldiune bat" egon zela, eta horrek alarmak piztu zituela. Emakundek joan den urteko martxo erdialdetik maiatzera EAEn jarri zen salaketa kopurua aurtengoarekin alderatu du, eta %36 egin du behera: iaz 222 izan ziren eta aurten, 142. Gero, poliki-poliki, ohiko datuak erregistratzen hasi zirela azaldu du Berdintasuneko foru zuzendariak, eta, azkenean, Elgarrestaren hitzetan, %10eko gorakada izan dute arreta telefonoan jasotako deiek.

Johanna Sanchez Arrasateko Udaleko Berdintasunerako zinegotziak azaldu duenez, "zaila" da zenbatzea pandemian zehar zenbat indarkeria matxista kasu izan diren. "Argi dagoena da egoerak arazoa ezkutatu egin duela lau pareta artean", nabarmendu du. Bergarako Martxanterak talde feministako kidea da Ainhoa Narbaiza, eta uste du garrantzitsua dela komunitatea laguntzeko prest egotea. "Egoera gordin bat bizi duzunean, ezin diozu bakarrik aurre egin, eta inportantea da herritarrak antolatuta eta saretuta egotea", azaldu du.

Sanchezen iritziz, azken urteetan indarkeria matxista kasuak ikusezin izatetik agerikoak izatera pasa dira. "Orain, biktimek gizarte bat dute alboan amesgaiztotik ateratzeko", adierazi du. Narbaizak azpimarratu du, askotan, laguntzak berandu iristen direla, bai zerbitzuen aldetik, baita arlo judizialetik ere: "Erakundeetatik esaten da baliabideak daudela, baina, herritarren eskuetan jartzean, gauzak oso poliki doaz".

Arreta detaileetan

Elgarrestaren ustez, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak dira indarkeria matxistaren motorra. "Eraso matxistak gure egiturazko arazoak dira, ez gertaera soilak", gaineratu du. Berdintasuneko foru zuzendariaren iritziz, arreta jarri behar da emakumeen aurka egin ohi diren gaitzespen "txikietan", oharkabean pasatzen baitira: "Normaltzat hartzen ditugun esamoldeak eta pentsamoldeak oso txertatuta daude, eta, ez garenez ohartzen, oinarri sendoa sortzen dute, eta indarkeria esanguratsu bilakatu daiteke".

Narbaizak adierazi du beharrezkoa dela prebentzioan lan egitea eta hainbat tokitan eragitea; elkarteetan, eskoletan eta lantokietan, esaterako. "Garrantzitsua da gauza deserosoak ateratzea; ez da kontu polita, baina molestatzen gaituena ere landu behar da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak