Nerea Mujika (Gerediaga elkarteko presidentea): "Azoka Telebista, inoiz baino beharrezkoagoa"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko aza. 27a, 09:23
Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujika, atzoko aurkezpenean.

Abenduaren 4tik 8ra izango da "egoerara moldatutako" Durangoko Azoka. Online salmenta bakarrik egongo da eta aurkezpenek edukiera mugatua izango dute.

55. Durangoko Azoka abiatuko du datorren egubakoitzean Gerediaga elkarteak. Egoerara moldatutako Azoka izango da, berrikuntza askorekin.

Egoera den modukoa bada ere, Azokarekin aurrera egitea erabaki zenuten. Zergatik?

Ez zen batere erraza izan erabakia hartzea, baina apirila ezkero elkartean argi genuen aurten ere egingo genuela, zelan eta zelakoa definitzea zaila izan den arren, eta aitortu behar dut itzelezko lana izan dela. Kultura sektorea babestu behar genuela argi genuen eta inpaktu ekonomikoa handia dela ere bai.

Babestuta sentitu zarete erakundeen eta sortzaileen aldetik?

Orokorrean, bai; erabakia hartzeko ez dugu etxe barruan bakarrik aztertu eta eztabaidatu, horretarako egin dira galdetegiak eta elkarrizketak argitaletxeen elkarteekin eta sortzaile batzuekin, eta, jakina, koordinazio mahaian ere aztertu da. Erabakitakoa kultura arloko profil ezberdinetako lagunekin adostu eta gero, ni neu asko lasaitu nintzen. Erakundeei dagokienez, pozik gaude; ohiko Azokako dirulaguntza guztiak mantendu dituzte, eta, horrez gain, Azoka Euskal Herri osora zabalduko duen Zu non, han DA! ekimena egitea proposatu zigun Eusko Jaurlaritzak. Laguntza pribatuak ere, orokorrean, mantendu egin dituzte.

Azoka ezberdina izanik, antolaketa lanak ere halakoak izan dira?

Prozedura batzuk berdinak dira; hau da, kultura ekoizpenak salduko dira –2.300 produktu baino gehiago–, baina denda birtualean bakarrik, eta plataforma diseinatzea eta kudeatzea kanpora egin dugun enkargu bat izan da. Egitarauari dagokionez, aurten murritzagoa da, baina, hala ere, 100 kultur ekitaldi izango dira. Durangoko eta mugakide diren herrietako kultura-zaleek Durangokoazoka.eus atarian eska ditzakete aurkezpenetarako gonbidapenak. Streaming bidez ere eskainiko dira, zuzenean.

Azaldu egiguzu online dendaren funtzionamendua.

Denda birtualeko katalogoa gure atarian dago eta kultura-zaleek dagoeneko produktuak hautatu ahal dituzte eta ordainketa abenduaren 4tik aurrera egin. Modu errazean aurkituko dituzue eskuratu nahi dituzuen ekoizpenak.

Aurten, estreinakoz, Azoka bukatu ondoren herriko liburu-dendetan izango dira produktu horiek salgai.

Zu non, han DA! ekimenak ahalbidetu du hori. Abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra bitartean izango dute hala nahi duten liburu-dendek produktu horiek saltzeko aukera; horretarako, aurrez eskaera egin behar dute, eta bihar, zapatua, eguerdia bitartean egin behar da, Elkar Banaketen eta Liburuen Ganbararen bitartez.

Ekimen beraren bidez Azokaren egunetan zortzi herritan kontzertuak izango direla iragarri duzue.

Bai, hala da; Amurrion, Atarrabian, Azpeitian, Bermeon, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Ondarroan izango dira. Guztira, 32 emanaldi. Sarrerak Azokako webgunean daude salgai.

Durangon bi gune izango ditu Azokak: Landako Gunea eta Plateruena. Zer izango da horietan?

Plateruenan 37 diskoren aurkezpenak egingo dira, eta Landako Gunean askotarikoak: familientzako ipuin aurkezpenak eta ikuskizunak, mahai-inguruak, literatura solasaldiak, liburuen aurkezpenak, filmak, irakurketa dramatizatuak..

Azoka Telebista inoiz baino beharrezkoa izango da aurten, ezta?

Duda barik! Bi streaming kanal egongo dira Azokaren atarian: Landako Guneari dagokiona bat eta Plateruenarena bestea.

Ze mezu zabaldu nahi duzu?

TaupaDA da aurten leloa, eta inoiz baino ozenago aldarrikatu gura dugu, guztion ahaleginarekin, ez dadila eten kultur taupada.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak