Eugenia Pablos: "Eskoriatzakoa da komun gabeko deskantsu-gune bakarra"

Jone Olabarria 2020ko aza. 27a, 13:10
Eugenia Pablos, bere lanlekua den autobusean eguaztenean.

Duela hamahiru urte hasi zen Eugenia Pablos (Arrasate, 1970) Pesa enpresako autobus gidari lanetan. Deskantsurako gune duten Eskoriatzako Aingeru Guardako geltokian komun baten beharra aldarrikatu, eta bizi duten egoeraren berri eman du Pablosek.

Zein da egiten duzuen eskaera zehatza?

Komun bat behar dugu Eskoriatzako Aingeru Guardako geltokian, ezinbestean. Geraleku hori da eskaintzen ditugun autobus zerbitzu askoren hasiera edo amaierako puntua, eta gidariok bertan egiten ditugu gure deskantsuak ere. Komunera joateko beharra badugu, tabernetako komunak erabili behar izaten ditugu, eta tabernariak, orokorrean, oso ondo portatzen diren arren eta inongo arazorik gabe lagatzen diguten erabiltzen, zeure burua zerbait kontsumitzera behartuta ikusten duzu askotan.

Hortaz, azken asteotan zuen egoera larritu egingo zen...

Pandemiak orokorrean larritu badu ere, tabernak itxita egoteak eragin handia izan du bizi dugun arazo honi dagokionez. Egun, ez dugu komunera joateko aukerarik, eta kalean pixa egitera behartzen gaitu horrek askotan. Egoera honek eraginda, lankide askok Estazio Zaharreko kamioien aparkalekura joan behar izan dute, kamioien artean pixa egitera. Emakumeon kasuan, are gehiago zailtzen zaigu egoera, hilekoarekin egon eta aldatu beharra izanda. Egun, gasolindegian eskatu behar dugu mesedea; egoera honekin, itxita dauzkate komunak eta mesedea egiteko irekitzen dizkigute askotan.

Orain arte, egin izan duzue eskaerarik?

Eskoriatzako Udalean gaia komentatu izan dugu eta bai alkatea, baita Udala egoera honen eta arazoaren jakitun dira. Baina badirudi ez zaiela askorik interesatzen; antza denez, ez da esentziala aurrekontuetan. Orain, denok jartzen dugu bandera morea udaletxean; ba, ea gogoratzen diren, apur bat, behintzat, zerbitzu publiko bat eskaintzeko lan egiten dugun emakume guztiok bizi dugun egoerarekin. Iruditzen zait gure eskaera ez dela beste munduko ezer.

Gainerako herrietan baduzue komun publiko zerbitzua deskantsurako guneetan?

Arrasaten, Oñatin edo Bergaran komun publikoak ditugu; Eskoriatza da, autobus linea baten amaiera eta hasiera puntua izanda, komunik eskaintzen ez duen herri bakarra. Elorregin ere aspaldiko eskaera da komunarena; gure kasuan, ez digu hainbeste eragiten, bertan ez dugulako geldialdirik egiten txoferrok, baina erabiltzaileendako oso beharrezkoa da.

Zein da une honetan garraio publikoan bizi duzuen egoera?

Autobusen edukiera %100ekoa da une honetan, ez dago koronabirusak eragindako edukiera muga berezirik. Autobusak espazio itxiak dira, eta aireztatzeko leihatila txiki batzuk baino ez ditugu. Egun, derrigortasun bakarra autobusean maskararen erabilera da. Era berean, guretzat oso zaila da bidaian zehar denek maskara jantzita daramatela kontrolatzea, gidatzen ari gara eta errepideari begira egon behar dugu.

Babestuta sentitzen duzue zeuen burua lanean ari zaretela?

Edukierak mugatzea eskatu dugu, ordu jakin batzuetan bidaiari asko pilatzen direlako. Oraindik badira manpara homologatuak ez dituzten autobusak, eta ez gara babestuta sentitzen. Txoferraren atzeko lau eserlekuak libre utzi behar izatea ere eskatu dugu, eta ukatu egin zaigu. Enpresatik ematen diguten erantzuna da Eusko Jaurlaritzak agindutakoa jarraitzen dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak