Biolentzia matxistaren aurrean antolatu, saretu eta erantzun egin behar dela aldarrikatu dute Debagoieneko kaleetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko aza. 25a, 20:50

Debagoieneko herri ia guztietan egin dira kale agerraldiak emakumeen kontrako indarkeria matxista gaitzesteko. Elkarretaratzeak, performanceak, manifestazio zaratatsuak... Denetik eta askotariko leloak izan dira nagusi estrukturala den arazoaren aurrean neurriak hartu behar direla aldarrikatzeko. 

Bergaran elkarretaratzea eta performancea egin dituzte Martxanterak talde feministak deituta. Borrokan bizitzeko, martxan eraldatzeko lelopean egin dituzte aldarrikapenak. Aurretik, 18:00etan, Itaia taldeak Fraizkozurin egindako elkarretaratzean Indarkeria matxistaren aurka gaitasun sozialistak antolatu aldarrikatu dute.

Elgetan ehun bat herritar elkartu dira 15 minutuko elkarretaratze isila egiteko. Amaiera aldean Sastraka gaztetxeko emakume talde batek prestatutako Mexikoko Vivir Quintana eta El Palomar abesbatzaren La canción sin miedo abestiaren bertsio euskalduna entzun dute eta txaloekin amaitu dute ekitaldia.

Antzuolan ere herriko plazan elkartu dira Andramanuelak talde feministak deituta. Normaltasunak hiltzen gaitu, indarkeria matxistaren aurrean antolatu eta borrokatu lelopean 100 lagun inguruk elkarretaratzea egin dute.

Oñatin lapikokada jendetsua egin dute iluntzean Oñatiko plazatik hasita. Bargastak eta Oñatiko Sare Feministak deitutako pankazerolada izan da. Biolentzia patriarkalaren aurrean autodefentsa feminista edo Normaltasun berria desnormalizatzera gatoz aldarrikatu dituzte, besteak beste. Arratsaldean, berriz, Lagun Lekuko pentsionistek ere egin dute ekintza plazan Eraildako emakume gehiagorik ez irakur zitekeen pankartarekin eta mahaitxoarekin.

Aretxabaletan ere indarkeria matxisten aurka agertu dira mugimendu feministako kideak, udal ordezkariak eta herritarrak. Aurretik, 18:30ean, Aretxabaletako neska gazteen elkarretaratzea izan da, Mitarte plazan, Pikarraituz asanblada feministak deituta. Aski da! edota 'Normaltasun' heteropatriarkalaren aurrean kaleak hartuko ditugu moduko leloak atera dituzte kalera.

Arrasaten ere kale agerraldia egin dute. Munduko emakumeek jasaten dituzten tratu txarrak salatu dituzte Sebero Altube plazan, "errespetua eta elkarbizitzaren" aldeko aldarriekin. Bakartzen gaituzten biolentzien aurrean, josi ditzagun sareak lelopean elkartu dira hainbat lagun. 

Aramaion aurreko egunetan egindako lanketari jarraituz aztertutako biolentzia matxisten ibilbidea egin dute horien inguruko hainbat aldarri eginez.

Eskoriatzan ere kalera irten dira emakumeek jasaten duten indarkeria bisualki eta soinu bidez adierazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak