Ehunka aretxabaletarrek eman dituzte urratsak "bestelako espetxe politika baten alde"

Xabi Gorostidi 2020ko aza. 21a, 19:30

Sareren Izan Bidea dinamikaren baitan egin dute Portasoletik Herriko Plazarako bidea; hiruko erreitan banatuta, eta segurtasun distantziak mantenduz. Arrasaten manifestazioa egin dute eta Antzuolan, aldiz, elkarretaratzea. 

Aretxabaletako kasuan, Sareko kideek bilera sorta egin dute azken egunetan herriko eragile ezberdinen atxikimendua lortzeko; antolatzaileen iritziz gaurkoan "igarri egin da" hori, jende askok parte hartu baitu arratsaldeko ekintza ibiltarian. 

Parte hartzaileak Plazara heltzear. (Argazkia: Jon Ander Alberdi)

Amaieran, Herriko Plazara heltzean, aldarrikapenak aireratu dituzte. Azaldu dutenez, "zabala eta anitza da bestelako espetxe politika bat aldarrikatzen duten aretxabaletarren multzoa", eta gizartea "aktibitzen jarraitzea funtsezkotzat" jo dute, aurrerapauso berriak emateko. Garikoitz Garcia herriko presoa Picassentetik Zaballara lekualdatzea albiste pozgarria dela adierazi dute, batez ere, haren senideen "sufrimendua" apalduko duelako. Hala ere, oraindik eskubide asko "bete gabe" daudela azladu dutela, eta horiek lortu arte "pausoak ematen jarraitzeko" beharra azpimarratu dute.

Ekintza ibiltarian parte hartu duten aretxabaletarrak, Portasoletik Plazara bidean. (Argazkia: Mirari Altube)

Arrasaten, manifestazioa

Arrasatearrak ere kalera irten dira. 19:00etan, ehunka lagunek abiatu dute manifestazioa Seber Altube Plazatik Bidea gara, bidean gaude lelopean. Parte hartzaileek banderolak eta pankartak eraman dituzte eskuetan, eta presoen eskubideen aldeko aldarriak egin dituzte ibilbide osoan zehar. Bihar, domeka, Arrasateri Bira egingo dute; bidegorriz bidegorri, oinez. Hamar kilometro inguruko ibilbidea izango da, familia giroan egiteko aproposa. 

Arrasateko manifestazioa, Maalako Errabala kalean zehar. (Argazkia: Arrasateko Sare)

Antzuolan elkarretaratzea

Antzuolarrek ere euren atxikimendua azaldu dute gaurkoan. Distantziak mantenduz eta segurtasun neurriak betez elkartu dira, eta Izan Bidea ekimeneko ikur diren geziekin bete dute Zurrategi plaza. 


Antzuolarrak, geziak eskuan hartuta. (Argazkia: Sare Antzuola).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak