"Azken egunetan egoera epidemiologiko eta asistentzialaren analisia egin ostean", Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak jakinarazi du azaroaren 6ko neurriak berresteko dekretu bat sinatuko duela bihar Iñigo Urkullu Lehendakariak: "ondo goaz, baina ez gaude ondo, kasu asko ditugu. Positibotasunaren portzentaia nahiz eta hobea izan ospitaleetako presioak handia izaten jarraitzen du". Hartutako erabakiak "egokiak" direla adierazi du Sagarduik, hala ere, aitortu du datuak ez direla "neurriak lasaitzeko bezain onak, ezta neurriak areagotzeko bezain txarrak ere".
Abenduaren 10a arte
Dekretua bihar argitaratuko dela zehaztu dute eta zapatuan sartuko da indarrean. Indarrean sartzen denetik, "printzipioz", hamabost eguneko iraupena izango duela adierazi du Osasun Sailburuak, baina ondoren zehaztu dute abenduaren 10a arte izango dela. Ordura arte, indarrean izango dira, hortaz, aurreko dekretuak zehaztutako neurriak: ostalaritza-establezimenduen itxiera, 22:00etako etxeratze agindua edota udalerrien arteko mugikortasunaren muga, beste hainbaten artean.
Bi aste barruko LABI batzordean neurriak berrikusiko dituztela zehaztu du. Kazetarien galderei erantzunda, abenduko zubia "iritsi baino lehen" egoera aztertuko dutela azaldu du, "ordutik aurrera egin ahalko direnak finkatzeko": "Abenduko zubia edota gabonak bezalako beste data batzuetarako hartu beharreko neurriak edo aurreikusi beharreko egoerak datozen asteetako emaitza eta datuek finkatuko dituzte".