Herenegun baino hamabi positibo gutxiago erregistratu ziren atzo Debagoienean, baina ez da asteko daturik onena. Astebetean –hilaren 12tik atzora arte– 461 kasu hauteman dira: 194 Arrasaten, 126 Bergaran, 50 Oñatin, 40 Aretxabaletan, 35 Eskoriatzan, zazpi Aramaion, sei Elgetan eta bat Antzuolan.
Halere, proportzionalki, martxotik hona positibo gehien izan dituzten herriak Arrasate (1.000 biztanletik ia 59), Antzuola (1.000tik ia 59) eta Oñati (1.000tik 41) dira. Debagoieneko datu orokorrari erreparatuta berriz, 1.000 herritarretatik 50 inguru kutsatu dira.
88 lagun zendu dira bailaran
Osasun Sailak eguneratu ditu datuak, eta pandemiaren hasieratik hilaren 15era arte 88 pertsona hil dira Debagoienean: 47 Arrasaten, 21 Bergaran, bederatzi Oñatin, zazpi Aretxabaletan, hiru Eskoriatzan eta bat Elgetan. Hego Euskal Herrian, azken datuen arabera, 3.160 heriotza erregistratu dira orotara.
48 positibo Aita Mennin
Azaroaren 17ko datuak dira: 37 egoiliar eta 11 langile daude kutsatuta. Halere, gehienek bi aste bete dituzte lehenengo PCR proba egin zutenetik, eta bigarren probaren zain daude; ospitaletik jakinarazi dutenez, behera egingo dute zenbatekoek datozen egunetan.
Gaixoen egoerari dagokionez, azaldu dute gehienak "ondo" daudela, baina bost daudela sintoma arinekin eta bat "egoera larriagoan"; azken horrek pbeste patologia batzuk ditu. Guztira, unitatean 41 egoiliar daude, eta esan bezala 37 dira diagnostiko positiboa dutenak.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Positibo gehienak, Gipuzkoan
Bestetik, atzo 16.951 PCR eta antigeno proba egin ziren Hego Euskal Herrian, eta %7,2k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %7,2k Nafarroan. Hain zuzen ere, 1.207 kasu baieztatu zituzten: 478 Gipuzkoan, 432 Bizkaian, 138 Nafarroan, 136 Araban eta 23 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Ospitaleei dagokienez, hiru lagun daude Debagoieneko Ospitalean, eta Hego Euskal Herrian, 902; horietatik 188 ZIUn. Bestetik atzo ospitaleratutakoak 66 izan ziren.