Herrialde sahararrak jasandako azken erasoa gaitzetsi du Saharaldeba elkarteak

Hasier Larrea 2020ko aza. 14a, 14:08

Saharar Fronte Polisarioko kideek protestak hasi zituzten duela hiru aste Gergueraten, saharar herrialdean autodeterminazio erreferenduma egiteko eskaera berretsiz. Marokoko armada protestari zibilak aurkitzen ziren gunean sartu zen atzo, eta Fronte Polisiarioak sei base militar erasotuz erantzun du.

Debagoienean bizi diren saharauien erakundeak elkarretaratzea egin du gaur eguerdian Arizmendiarrieta plazan. Bertan jatorri ezberdineko dozenaka pertsona batu dira, "herrialde sahararraren autodeterminazio eskubideari sostengua eman eta marokoar armadaren azken ofentsiba" gaitzesteko asmoz. Arrasateko EH Bilduko eta Elkarrekin Arrasateko ordezkari politikoak ere bertaratu dira deialdira. 

Saharaldebako kideek adierazi dutenez, "1991tik ari dira sahararren erreferenduma egiteko eskubidea aldarrikatzen, Nazio Batuen Erakundeak aitortu ziena egikaritzeko". 30 urtetan egoera politikoa "geldi" egon dela eta Marokok "su-etena bortxatu" duela salatu dute Laubide plazan, "hemendik aurrera Marokoren aurkako gerra" egingo dutela adieraziz.

Azken egunetako gertaerek saharar eta marokoarren arteko tentsioa areagotu dute, izan ere, Saharako zenbait herritarrek trafiko errekurtsoei blokeoa ezarri zien duela hiru aste Guergerateko gune desmilitarizatuan, "Nazio Batuek Saharan erreferenduma egiteko borondate eza" salatzeko.  Estatu marokoarrak soldaduak bidali zituen atzo blokeo hura apurtzeko asmoz. Iturri ofizialen arabera, "Saharako Fronte Polisarioak tiroak bota zituen airera,  Guergeraten aurkitzen ziren zibilei zuzendutako erasoaldia geldiarazteko". Marokoko gobernuak " esku-hartze baketsutzat" jo du Guergueratekoa, zibilei eraso egiteko asmorik ez daukatela esanez. Gertaera horren ostean, Fronte Polisiarioak, Sahararen independentziaren aldeko erakunde politiko-militarrak, Marokoko sei base militar erasotuz erantzun du.

Saharaldebaren esanetan, "ekintza militarrak Maroko eta Sahararen arteko su-etena apurtu du, eta iraganean Marokok biolentzia erabili zuen bezala, orain Saharak egingo du biolentziaren aldeko hautua, autoderminazio erreferenduma gauzatzeko bide bakarra delako".

Testuinguruan kokatzeko

Gaur bete dira 45 urte Espainiak Sahara Mendebaldeko lurraldea Maroko eta Mauritaniaren esku utzi zuenetik. Handik lau hilabetera, 1976ko otsailean, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak, eta bi estatu haien eta saharar abertzaleen arteko gerra zabaldu zen. Nazio Batuen Erakundeko 70 estatuk onartu zuten Saharako errepublika berria, eta Mauritaniak bake-hitzarmena sinatu zuen Fronte Polisarioarekin 1979an, baina Marokok bere gudarostea eta kolonoak zabaldu zituen Mauritaniak utzitako lurraldera, 80ko hamarkadan bi aldeen arteko gerra sorraraziz. 

1988an erreferendum bat egitea erabaki zuen Nazio Batuen Erakundeak Mendebaleko Saharan,  baina oraindik ez da galdeketarik egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak