"Herritarren konpromisoa eta elkartasuna" eskatu ditu Markel Olanok, udalerrietako alkateekin egindako bileran

Mirari Altube Arrese 2020ko aza. 13a, 16:50

Bilera telematikoa egin dute Foru Aldundiko ordezkariek eta udalerrietako alkateek gaur eguerdian, informazioa trukatzeko eta hartutako neurri nagusien berri emateko besteak beste. Markel Olano diputatu nagusiak adierazi die egoera kritikoan jarraitzen duela Gipuzkoak eta administrazioen arteko lankidetza estutzen segitzeko unea dela.

Pandemiaren aurkako borrokan "aste erabakigarriak" direla adierazi du, eta, beraz, herritar guztien "konpromisoa eta elkartasuna" eskatu ditu COVID-19ren "kurba berdintzea" lortzeko eta "ahalik eta pertsona gutxien" gaixotzeko. Era berean, lurraldeko udalek erakutsitako elkarlanerako jarrera eskertu du. 

Urriaren 20an hasi ziren halako bilera telematikoak egiten alkateekin eta astero egiten dituzte. Informazioa trukatzea, COVID-19ak mahai gainean jarritako erronken gaineko diagnostikoa partekatzea eta Aldundiak hartzen dituen neurri nagusien berri ematea dute helburu, eta Markel Olano diputatu nagusiak, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak hartzen dute parte. Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailetako ordezkariek ere parte hartu ohi dute bilera horietan, beren erakunde publikoetan duten informazioa partekatzeko.

Gaurko bilera ere bi txandatan banatuta egin dute: lehenengoan, 5.000 biztanletik gorako udaletako ordezkariak elkartu dira, eta bigarrenean, 5.000 biztanletik beherako herrietako alkateak.

Informazio eguneratua webgunean

Pandemiaren lehen olatuan martxan jarritako webgunea berritu egin dutela jakinarazi die diputatu nagusiak, osasun egoeraren eta egoera sozio-sanitarioaren inguruko informazio "zehatza eta eguneratua" emateko. Gaurtik aurrera, www.gipuzkoa.eus/covid19 webguneak mapa interaktibo bat izango du, eta hor jasoko dituzte datu guztiak, baita pandemiak bigarren olatuan –abuztuaren 11tik aurrera– izan duen bilakaera ere. Gune hori egunero berrituko dute Osakidetzak emandako datuak aintzat hartuta: positiboak, heriotzak, ospitaleratutako pertsonak, sendatuak… Gipuzkoako zaharren egoitzetako egoerari buruzko informazio eguneratua ere jasoko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak