Goraka jarraitzen dute datuek Gipuzkoan; Nafarroan, aldiz, beheranzkoa da joera

Maider Arregi 2020ko aza. 12a, 12:43

Gipuzkoan 601 kutsatze hauteman dira azken 24 orduetan; Nafarroak eutsi egiten dio beheranzko joerari, eta 233 dira eguazteneko datuen arabera kutsatuak. Debagoienean, berriz, 81 dira kutsatu berriak: 37 Arrasaten, 22 Bergaran, 10 Oñatin, 5 Aretxabaletan, 3 Eskoriatzan eta bina Antzuola eta Aramaion.

Atzo, hilak 11, EAEn guztira, 16.338 test diagnostiko egin ziren, eta 1.409 positiboak izan ziren: 126 Araban, 663 Bizkaian, 601 Gipuzkoan eta 19 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan. Nafarroan 233 kutsatze izan dira. Hego Euskal Herrian, beraz, guztira 1.642 kutsatu azken 24 orduetan.

EAEko ospitaleen egoerari dagokionez, Osakidetzak jakinarazi du COVID-19aren ondorioz, 73 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta 132 pertsona ZIUn daude. Guztira,  496 pertsona daude  ospitalean. EAEko kutsatze-tasa %8,6koa da.

PCR probak herritarrei

Osasun Sailak eta Osakidetzak egiten dituzten zaintza eta kontrol lanen baitan, Villabona eta  Zizurkileko 13 eta 40 urte arteko herritarrei, bihar egubakoitza, PCR proba egitera joateko dei egin diete.

Nafarroa egonkortze bidean

Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera, egonkor jarraitzen du egoerak. 3.918 PCR eta antigeno proba egin ziren eta 233 positibo kasu atzeman ziren atzo, eguaztena. Nafarroako kutsatze-tasa % 5,9koa da. Azpimarratzekoa da baita ere, COVID-19ak gogor kolpatu dituen Iruñeko auzoetan atzeman den beherakada, Txantrean edo Arrotxapean esaterako. Kasu gehien, aldiz, Murchanten, 15 kutsatu, hauteman dituzte, eta Zizur Nagusian 12.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 47 lagunek jarraitzen dute ospitaleetan ingresatuta, martitzenean baino 15 lagun gutxiagok. Hala ere, ohartarazi du ZIUen egoerak okerrera egon duela eta kasuak goraka doazela bertan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak