Kutsatzeek gora egiten jarraitzen dute; modu esanguratsuan gainera, Arrasaten, Bergaran, eta Oñatin. Gainera, aipatzekoa da Oñatiren kasua, izan ere, azken bi egunetako datuek egoera apaltzen ari zela ematen zuten aditzera, baina atzoko 23 positiboekin, 400 kasu metatuen langa gainditu du herriak.
Gauzak horrela, honako hau da azken datuak kontuan hartuta osatutako mapa:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
3.000 heriotza baino gehiago
Jaurlaritzak jakinarazi du azaroaren 2tik 8ra bitartean 73 pertsona zendu direla Euskal Autonomia Erkidegoan, Koronabirusaren eraginez. Horrenbestez, eta Nafarroan atzo hildako bost lagunak batuta, Hego Euskal Herrian 3.000 pertsona baino gehiago hil dira dagoeneko, COVID-19 gaitza dela-eta; zehazki, 3.039.
Kutsatzeei dagokienez, atzo 21.349 PCR eta antigeno proba egin ziren erkidegoan, eta %7,8k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %6,9k Nafarroan. Zenbakitara ekarrita, 1.639 kasu baieztatu ziren: 676 Bizkaian, 569 Gipuzkoan, 238 Nafarroan, 142 Araban eta hamalau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Bestetik, Jaurlaritzako Osasun Sailak ez ditu ospitaleetako datuak jakinarazi oraindik, baina aurreratu dute 133 direla EAEko Zaintza Intentsiboetako Unitateetan daudenak. Hala, Hego Euskal Herrian, 202 daude guztira.