Gaur goizean izan da agerraldia eta Kontseiluak, Topaguneak, Durangoko Azokak, Errigorak, AEK-k eta Ikastolen Elkarteak hartu dute parte, euskalgintzaren ordezkaritza zabal baten izenean. Bertan, euskalgintzaren eta euskararen egoera larriaz mintzatu dira eta herritarren aktibazioa eta babesa beharrezkoak direla azpimarratu dute. Horrez gain, erakundeei "erantzukizunez" jokatzeko eskatu diete.
Horretarako, kontseiluak Geroa euskaratik adierazpena mahaigainean duela gogorarazi dute. Ekainean aurkeztu zuten erakundeei zuzendutako dokumentua eta "euskalgintzari arnasa eman eta denon hizkuntza eskubidea bermatzeko eta gizarte berdinzale eta kohesionatuago bat lortzeko" neurri zehatzak jasotzen ditu. Paul Bilbao idazkari nagusiak gaineratu du, neurri hauek beharrezkoak direla
Euskalgintza hilik ez dagoela dio Paul Bilbaok eta horren adibide dira itxialdian zehar euskal sortzaileek egin dituzten hainbat egitasmo baina herritarren parte hartzea beharrezkoa dela nabarmendu du. Euskaraldia ere ate joka ari da eta euskara eta euskalgintzaren inguruko proiektuetako bat da, besteak beste. Kike Amonarrizek, Euskaraldiaren antolatzaile den Topaguneko lehendakariak adierazi duenez, egitasmoan parte hartzea inoiz baino premiazkoagoa da eta ildo beretik hitz egin dute Durangoko Azokari buruz ere.