Jesus Lizarraga: "Gailuetan eta sentsoreetan ekarriko du aldaketa 5G-k"

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko aza. 9a, 08:30

Jesus Lizarraga, Eskola Politeknikoko irakaslea.

Orain arte ezinezkoak ziren haririk gabeko komunikazioen erabilera ekarriko du 5G teknologiak, besteak beste. MU-ko telematika saileko koordinatzaile Jesus Lizarragak azaldu du zer onura ekarriko dituen.

Zenbatean behin gertatzen dira aldaketa teknologikoak?

Hamar urtera izaten dira, gutxi gorabehera. 1G teknologia 1980an sortu zen eta 5G 2020an etorri da. Tartean izan dira: 2G 1990ean, 3G 2000n eta 4G 2010ean. Hasita daude 2030ean etorriko den 6G definitzen eta garatzen.

Zertan igarriko dugu 4G eta 5G arteko aldaketa?

Lau gauza hauetan, batez ere: abiadura hamar edo hogei aldiz handiagoa izango da; komunikazioan dagoen berandutzea egungoa baino askoz txikiagoa izango da. Egun ezinezkoak diren funtzio batzuetan ezinbestekoa izango da hau; adibidez, urruneko sistemetan, denbora errealean, elkar eragina posible izateko. Esaterako, zirujau batek operazio bat distantziara egitea edo ibilgailu baten kontrola distantziatik eramatea. Hirugarrenik, dispositiboen, gailuen, dentsitatea ere handiagoa izango da –milioi batekoa kilometro karratuko–, eta honek esan gura du kobertura hobea izango dela; hau da, ez gara estaldurarik gabe geldituko makrokontzertu batean. Berez, honek lagunduko du Gauzen Interneten sentsoreak eta gailuak hedatzen. Eta laugarrena da kontsumo energetikoa txikiagoa izango dela. Telefono mugikorrendako abantaila izango da hau, baina batez ere aipatutako "gauzen interneterako", gailuen bateriak denbora luzez iraungo dute.

Zer da Gauzen Internet?

Barruan ordenagailuak dituzten gailuak dira. Ordenagailu horri esker, kalkulurako, datuen bilketarako edo Internet bidezko komunikazioa izateko ahalmena dute gailu horiek. Esaterako, izan daiteke eraikin baten tenperatura kontrolatzen duen termostato bat, bideozaintza egiten duen kamera bat, airearen kalitatea neurtzen duen sentsore bat edo su detektagailu bat.

Zer egin dezakegu teknologia horrekin herritarrok? Eta enpresek?

Gure telefono mugikorrean ez dugu aparteko aldaketarik sumatuko. Aldaketa ikusiko dugu sentsoreetan eta Gauzen Interneten. Etengabe datuak biltzen egongo diren sentsoreak izango ditugu enpresetan, hirietan, ibilgailuetan... Datu horiek azkar iritsiko zaizkigu eta prozesu industriala edo gure bizi kalitatea hobetzen lagunduko digute. Aukerak asko dira eta datozen urteetan ikusiko ditugu.

Seguruagoa izango da? Zergatik?

Segurtasun hobea izango du, baina ez du esan nahi %100ean izango denik. Fidagarritasun handiagoa ere izango du.

Zein puntutan dago orain?

Teknologia garatuta dago eta hedatze fasean gaude. Gaur egun, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko gune batzuetara iritsi da, baina bi urtean zabalduko eta orokortuko da erabilera.

Ondorio larriak ekarriko dituela diote ahots kritikoek. Zer diozu?

Teoria konspiratzaileak badaude, baina 20 urte baino gehiago daramatzagu entzuten wifiak osasunarendako dituen arriskuez, eta oraindik ez du osasun azterketa bakar batek ere demostratu arriskutsua denik.

Mehatxua da komunikazio sarea?

Ez. Mehatxua pertsonek, erakundeek edo enpresek eman gura dioten erabileran dago; ahaztu egiten zaizkigu komunikazio sareari esker egun ditugu abantailak. Inprenta sortu zenean ere izugarrizko mehatxua ikusten zuten askok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak