Ostalaritza ixteko aginduarekin lur jota daude sektoreko profesionalak eta egoerari aurre egiteko dirulaguntzak eskatzen dituzte

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko aza. 7a, 21:51

Etsita, nekatuta, kezkatuta, lur jota... sumatu ditugu, gaur, Arrasateko ostalariak. Makina bat mobilizazio egon dira gaur Euskal Herriko hainbat herritan. Helburua, ostalaritza pairatzen ari den egoera larria lehen lerrora ekartzea. Denetan eskatu dute gauza berdina: ixtera behartzen badituzte itxiera agindu horri lotutako neurriak ziurtatzeko. 

Hiri handienetan bezala Debagoieneko hainbat herritan irten dira kalera, gaur, ostalariak eta bezeroak. Ez dute hain neurri gogorra egun batetik bestera hartu izana ulertzen, eta etorkizunarekin kezkatuta berehalako neurri ekonomikoak eskatzen dituzte egoerari aurre egiteko.

Etsita, nekatuta, kezkatuta, eta lur jota daude. "Ixtera behartzen gaituzte bigarren aldiz eta aurreko egunetako ordutegi eta neurri aldaketekin nahikoa sufritzen ari ginen, dagoeneko", azaldu du Arrasateko Ixkiña tabernako Asier Antia Sanchezek. "Ez dakigu zer kobratuko dugun. Ez dakigu zenbat denboraz egon beharko dugun itxita. Gure kasuan behintzat astelehenean jarriko gara aholkulariarekin aztertzeko ze aukera dugun, eta akaso jarduera eten beharko dugu miseria bat kobratzeko".

SOStalaritza. Duintasunez lan egin nahi dugu lelopean egin dituzte elkarretaratzea eta manifestazioa, gaur, Arrasaten. Jende ugari batu da deialdira. Plazan egin dute elkarretaratzea eta manifestazioan zeharkatu dituzte erdiguneko kale nagusienak.

Arrasateko Udalari eta gainerako erakundeei ere eskaera argia egin diote: "Ez badugu diru-sarrerarik ez genuke zergarik ordaindu beharko. Itxiera behartua da honakoa, eta laguntzak jaso beharko genituzke", aldarrikatu du, esaterako, Urrin tabernako jabe Laura Gartziak.

Txistuak, oihuak, txaloak eta danbor hotsak izan ditu gaurko protesta ekitaldiak, Arrasaten. "Kalera irten eta gure egoera ikusarazi nahi dugu. Ezin dugu bakarrik aurrera egin. Bezeroei eskerrak eman nahi dizkiegu. Atzo jendea kalera irten zen, eta argi sumatu genuen guri babesa adierazteko modu bat izan zela", adierazi du Kajoi tabernako Antonio Murillo Caballerok. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak