Behobia-Donostia, nork bere herrian eta birtualki

Hasier Larrea 2020ko aza. 6a, 12:54

Ainara Diaz de Guereñu eta Susana Gomez, Behobia-Donostia birtuala egin ostean

Fortuna kEko antolatzaileek aukera eman dute 20 kilometroak 'Runnea' izeneko aplikazio bidez egiteko azaroaren 2tik 8rako epean. bi debagoiendarrek lehen aldiz hartu dute parte errealitate berrira egokitu den lasterketa historikoan

New Yorkeko maratoiak egin dituen moldaketei jarraitu die Behobia-Donostia klasikoak, betiko lasterketari irtenbide eguneratua emateko asmoz. Osasun krisiari erantzuteko jarri diren neurri murriztaileak aintzat hartuta, proba euren bizitokiaren inguruan egiteko tresna berritzailea jarri nahi izan dute lasterketako antolatzaileek korrikalarien eskura: GPSa duen mugikor bidez erabil daitekeen Runnea izeneko aplikazioa.

Astebeteko epean, 20 kilometroak gelditu gabe edo zatika egiten ari dira egitasmo birtualeko parte hartzaileak. Oztopoak jarri baino gehiago, klasikoa lehen aldiz egiteko ateak ireki dizkie formatu berriak hainbat korrikalari afizionaturi.

Ainara Diaz de Guereñu oñatiarrari eta Susana Gomez bergararrari galdetu besterik ez dago. Biak bat datoz formatu birtualak lasterketan parte hartzeko erosotasunak ekarri dizkiela baieztatzeko orduan.

Diaz de Guereñuren hitzetan: "20 kilometroko lasterketa bat ganoraz prestatzeko astirik ez dut izaten, baina etapetan banatu ahal izateak nire betebeharrekin kontziliatzea ahalbidetu dit. Ondorioz, hiru egun desberdinetan atera naiz, saio bakoitzean zazpi kilometro inguruko ibilbidea eginez".

Gomezek umore puntu bat jarri dio formatu birtualari: "New Yorken 10 kilometro eta Behobian 20 egin ditut, azaroaren 29ko Egiptoko lasterketan apuntatu naiz, eta begiz jota dauzkat Rio de Janeiro eta Paris ere. Mundu zabala ezagutuko dut, azkenean!".

Errepidea, bidegorri bihurtuta

Argi dago lasterketa birtualak egitea gustuko duela Arrasaten bizi den bergararrak. Korrika bere kasa duela hiru urte eta erdi baino hasi ez bazen ere, ordu eta 34 minutuan amaitu zuen, hasi eta buka, Behobia-Donostiako distantzia, tartean bizpahiru kilometroko aldapa zeharkatuz. "Erguin auzoan bidegorria hartu eta Garagartzara joan nintzen, ondoren Gesalibarrera, bertatik buelta batzuk eman eta Markuletera itzuli, gero berriz Gesalibarrera joan... Itzulinguruka ibili naiz, 20 kilometroak osatu arte".

Ainara Diaz de Guereñu ere bere bizitokiko bidegorrien sarean oinarritu da korrika egiteko ibilbideak markatzean: "Lehenengo etapa Oñatitik Zubillagaraino egin nuen, hurrengoa Torreauzon egiten den lasterketaren zirkuituan zehar, eta azkena Oñatiko bidegorri inguruan egingo dut baita ere".

Senideen bultzada, lagungarri

41 urteko oñatiarra asko motibatu du bere aitaren inplikazioak. "Bion artean hitz egin, eta berak ere eman zuen izena. Hark oinez eta bizkor egin ditu 20 kilometroak; takada batean, gainera. Nik korrika eta motel, ostera. Baina esango nuke bera baino azkarrago noala ni", bota du Diaz de Guereñuk, barre artean. Gomezek, berriz, bi seme-alabetako zaharrenarekin egiten ditu batzuetan korrikaldiak: "7 urteko alaba beti ari zait galdezka ea noiz irtengo garen biok batera. Noizean behin joaten gara elkarrekin, distantzia laburrak egitera. Santamas krosean eta Zigarrolako San Silvestre proban parte hartu badut, bi txikiei eskerrak izan da".

Emakume konprometituak

Bai Diaz de Guereñuk eta bai Gomezek gogoko dute emakumeak erdigunean jartzen dituen lasterketetan parte hartzea. Bergararrak, esaterako, Carrera de la mujer izeneko dinamikan eman du izena. Espainiako zortzi hiritan birtualki garatzen ari den lasterketa multzoa da, bularreko minbiziaren aurka borrokatzea helburu duena. Oñatiarra, berriz, Lilatoiaren zitara hutsik egiten ez duen horietakoa da. "Berezia" da bertan parte hartzea, eta sorreratik aritu da Donostiako lasterketan. Torreauzoko proba antolatu izan du baita.

Aplikazio arrakastatsua

Behin Fortuna kirol elkartearen webgunean izena eman eta gero, ariketa birtualari ekiteko Runnea aplikazioa deskargatu beharra dago. Korrika hastean app-ak berak erregistratzen du distantzia eta denbora. Korrikalariari lasterketa errealeko ze puntutan egongo litzakeen ere adierazten dio.

Runnea app-ak bi korrikalarien oniritzia jaso du, "Behobia-Donostia klasikoa egiten zabiltzan sentsazioa transmititzea" lortzen duela argudiatuta. "Karrerako giro soinua entzun dezakezu kaskoetatik; hasi baino lehen esatariak atzera-kontaketa lokutatzen dizu: '3, 2, 1... Hastera doa gure Behobia!'.Ondoren, txaloak, txistuak eta animoak entzuten dituzu tarteka, publikoa zu animatzen balego bezala".

Behobia-Donostia klasikoak ere erakutsi du gizartea garai berrietara egokitzeko gai dela.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak