Nola edo hala, aurten ere biboteak azaleratuta

Karmele Uribesalgo 2020ko aza. 6a, 13:15

Iban Arroiabe, Mikel Larrañaga, Unai Azkarate eta Aratz Losada, hurrenez hurren.

Azken urteetan egin bezala, Movember kanpainara batu dira bailarako zenbait herri. Arrasatek, Bergarak, Oñatik eta Antzuolak elkarlanean dihardute azaroan zehar egingo den ekimena prestatzen. Berrikuntza moduan, maskarak salduko dituzte.

Azaroan sartzearekin bat, Movember ekimena ere martxan da. Mugimendu horretan murgilduta dauden bailarako taldeek elkarlanean aritzeko erabakia hartu dute aurten. Nahiz eta bakoitzak bere jarduteko era duen eta plangintza independentea duten, era bateratuan ari dira lanean Arrasateko, Bergarako, Oñatiko eta Antzuolako taldeak. Azken horiek duela gutxi hasi baziren ere, ari dira euren bidea egiten. Besteak beste, barrabiletako eta prostatako minbiziari aurre egiteko kanpaina bat da Movember. Azken urteetan oihartzun handia izan du, baita bailaran ere. Bi helburu dituzte: dirua biltzea eta sentsibilizazioan eragitea.

Koronabirusaren pandemiak mundu guztiaren egunerokotasuna baldintzatu duen neurrian, Movemberren ere eragina izan du. Bertan behera utzi behar izan dira urtero egin ohi dituzten bazkari zein afariak, ekitaldiak eta bibote mozketak. Hain zuzen ere, bibotea da kanpaina horren ikurra, baina maskarek ezkutuan uzten dituzte. Dena den, ikusgai uzteko, maskara bibotedunak egin dituzte, eta salgai daude jada herrietako zenbait ile-apaindegitan, saltokitan eta tabernatan. Udalerri bakoitzak diseinu bateko maskarak ditu, baina horren bidez lortutako dirua ikerketara bideratuko dute: Zamudioko CiC Biogune zentrora bidaliko dute. Mondravemberko kide Iban Arroiabek azaldu duenez, 0 kilometroaren aldeko apustua egin nahi izan dute modu horretara: "Bestela, sarri, ez dugu jakiten nora doan dirua".

Oso harrera ona izan dute momentuz, maskarek. 10 euroko prezioa dute –Antzuolakoak merketxoagoak dira; 6 euro balio dute–, eta herrietako hainbat ile-apaindegi eta tabernatan dago eskuratzeko aukera. Bergarako Movember Garako Unai Azkaratek azaldu du "azkar" saltzen direla, probatu beharrik ere ez baitago. Movember Oñatiko kide Aratz Losadak gaineratu du osagarri bat gehiago dela jada jendearentzat. Oñatin, maskara erosten dutenen artean otarre bat zozketatuko dute. Zenbait herritan bestelako produktu batzuk ere jarri dituzte salgai: kamisetak eta txapak, esaterako. Berrikuntza bezala, kirol-jertseak ere atera dituzte Mondravemberkoek. Bergarakoek bideoklip bat atera dute aurten, azken bi urteetan grabatutako irudiekin. Sarean dago jada abesti hori.

Nahiz eta orokorrean ezingo dituzten ohiko ekitaldiak egin, badabiltza hitzaldiren bat eskaintzeko aukera ikertzen. CiC Bioguneko ikerlari Arkaitz Carracedorekin harremanetan daude. Oraindik zehazteke dago presentzialki egiteko modurik izango den, baina Internet bidez jarraitzeko aukera ematea ere bada plana.

Gai tabua

Movemberrek barrabiletako eta prostatako minbizia hartu izan du ardatz, baina, Azkaratek azpimarratu duenez, bestelako gaixotasun batzuk ere barnebiltzen ditu. Sentsibilizazioan eragin nahi dute, eta ikusgarritasuna eman herritarrek izaten dituzten gaitzei. "Askotan, tabuak izaten dira horrelako gaixotasunak, eta guk gizarteratu egin nahi ditugu", adierazi du Arroiabek. Losadak gaineratu du batez ere gizonezkoen kasuan kosta egiten dela onartzea osasun arazoak dituztela. Horrelakoak naturaltasunez kontatzeko ari dira lanean bailarako Movember taldeak. "Azken finean, terapia bat ere bada besteen esperientziak ezagutzea", uste du Azkaratek. Hori ahalbidetzeko, Oñatin herritarren kasuak ezagutarazten aritu izan dira azken bospasei urteetan. "Modu horretara, gerturatu egiten duzu gaixotasuna jendearengana, eta erakusten dugu edonor egon daitekeela egoera horretan", nabarmendu du Losadak.

Antzuola, indarra hartzen

Hasierako fasean dago Antzuolako Movember taldea. Duela pare bat urte ekin zioten kanpainari, eta herrian indarra hartu nahian dabiltza. Bide onetik doaz; joan den astean kalejira bat egin zuten eta 50 maskara saldu zituzten. Taldeko kide Mikel Larrañagak adierazi du helburua dela gutxienez 200 bibote ikustea Antzuolan. Herritarrak animatzeko, datorren asteko igandean, hilak 15, beste kalejira bat egingo dute. "Helburua da geroz eta jende gehiagorengana iristea", nabarmendu du Larrañagak.

Hainbat ekitaldi egiteko asmoa zuten Antzuolan ere; besteak beste, spinning eskola bat antolatu nahi zuten, baita Juan Pablo Sanz Donostia Ospitaleko urologoaren hitzaldi bat ere. Osasun egoera dela eta, atzeratu egin dituzte jarduera horiek. Bailarako beste herriren batek ekimenarekin bat egin nahi badu, Arrasatekoek, Bergarakoek, Oñatikoek eta Antzuolakoek adierazi dute ateak zabalik dituztela.

Lehen harria

Urtetik urtera elkarren arteko harremanak sendotuz doaz Debagoieneko Movember taldeak. Gainera, aurrera begira elkarlanean jarraitzeko nahia azaldu dute. Ikusteko dagoen arren, Mondravemberko Arroiabek proposatu du jada festa bateratu bat egiteko ideia, betiere, datorren urtean egoera epidemiologikoak aukera ematen badu: "Aurtengoa lehenengo pausoa da bailara moduan ikusgarritasuna emateko mugimenduari".

Maskarak salgai

Arrasate

  • Taupa taberna eta King's ile-apaindegia.
  • 10 euro.

Bergara

  • Pepelu eta Diego Valor ile-apaindegiak.
  • 10 euro.

Oñati

  • Jon, Igone, Sesiñena eta Bizipoz.
  • 10 euro. Otarre zozketa.

Antzuola

  • Amaia, Xinkona eta Ogiberri.
  • 6 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak