Trump-Biden lehia, Debagoienetik AEBetara joandakoen ikuspuntutik

Karmele Uribesalgo 2020ko aza. 6a, 11:20

Ezkerretik eskuinera, Ane Kortabarria, Naiara Akizu eta Oihana Iriondo.

Aste garrantzitsua ari da izaten Ameriketako Estatu Batuetan. Hauteskunde eguna izan zuten asteartean, eta mundu osoak hara begira pasa ditu azken orduak, Donald Trump errepublikanoak edo Joe Biden demokratak, nork irabaziko jakin nahian. Estatubatuarren bizitza baldintzatuko duten hauteskundeak dira, baina bertan bizi diren debagoiendarrenean ere gorabeherak izan ditzakete.

Jaiotzaz bailarakoak diren baina gaur egun AEBetan bizi diren hiru lagunekin egon da GOIENA. Hauteskundeak nola bizi izan dituzten kontatu dute, baita kanpaina nolakoa izan den ere. Horrez gain, datorren legealdia nola ikusten duten azaldu dute Ane Kortabarria arrasatearrak, Naiara Akizu aretxabaletarrak eta Oihana Iriondo oñatiarrak.

Ane Kortabarria - Seattlen bizi den arrasatearra

"Herritarrek ez dute inoiz sentitu euren botoak hainbesteko balioa zuenik"

Duela bi urte joan zen Seattlera Ane Kortabarria arrasatearra. Lehen Hezkuntzako gradua amaitu berritan, lana bilatzeko asmoarekin erabaki zuen bizitokia aldatzea. Kortabarriak nabari du "egonezin handia eta tentsioa" izan dela azken asteetan AEBetan. "Aurtengo urtea gogorra izan da herrialde guztientzat, baita AEBentzat ere, eta aldaketarako gogoa dauka jendeak", azaldu du. Hainbat mugarri izan direla aipatu du arrasatearrak: COVID-19aren pandemia, Black Lives Matters mugimendua eta suteak, esaterako. "Gauza asko pasatu dira azken boladan, eta herritarrei ez zaie gustatu euren liderrak nola erantzun duen", nabarmendu du. Gorabehera horiek direla medio, Kortabarriak adierazi du herritarrak azken hilabeteetan zentratu direla hauteskundeetan, arrasatearren hitzetan, orain arte "beste kontu batzuekin" baitzeuden.

Dena den, Kortabarriak igarri du jendeak gero eta argiago daukala zer garrantzitsua den bozkatzea. Gainera, azpimarratu du estatubatuar askok uste dutela oraingoak inoizko hauteskunde garrantzitsuenetakoak izan direla: "Herritarrek ez dute inoiz sentitu euren botoak hainbesteko balioa zuenik".

Estatubatuar hiritartasuna dutenek bakarrik daukate hauteskundeetan bozkatzeko aukera, eta, beraz, Kortabarriak ezin izan du botorik eman. Hala ere, aitortu du asko gustatuko litzaiokeela bozkatzea. "Hauteskundeetako emaitzak eragin zuzena izango du nire bizitzan", azpimarratu du. Gauzak horrela, urduritasunez bizi izan ditu Kortabarriak.

Arrasatearraren nahia da datorren legealdian herritarren beharrak asetzea: "Beharrezkoa da COVID-19ari aurre egiteko estrategiak garatzea, immigrazio prozesuak erraztea, aldaketa klimatikoan sakontzea eta osasun sistema, etxebizitza eta soldata duinak bermatzea".

Naiara Akizu - Filadelfian bizi den aretxabaletarra

"Aurtengo hauteskundeak Bidenek erraz irabaziko zituela uste nuen"

Ia hamar urte daramatza Pennsylvanian Aretxabaletako Naiara Akizuk. Lanera joan zen, 2010eko abenduan, eta AEBetan bizi izan dituen hirugarren hauteskundeak dira pasa berri direnak. Aurrekoekin alderatuta, giroa "krispatuago" dagoela sentitu du Akizuk. Aretxabaletarrak azaldu du AEBetako azken bi hauteskundeetan zaila izan dela jakitea zein alderdik irabaziko zituen: "Aurrekoetan argi neukan Trumpek ez zuela irabaziko, eta sorpresa handia izan zen; aurtengo hauteskundeak Bidenek erraz irabaziko zituela uste nuen".

Trumpen alde daudenek haren inguruko mezuak bakarrik jasotzen dituztela nabarmendu du, eta uste du ez dutela informazioa kontrastatzen. Akizuren iritziz, hori izan daiteke hautagai errepublikanoaren arrakastaren gakoetako bat. Dena den, aitortu du gauza bera gertatzen dela Bidenekin. Akizuren kasuan, Youtuben, esaterako, demokraten aldeko mezuak bakarrik jasotzen ditu, eta esanguratsua dela dio.

Akizuk azaldu duenez, oraingo hauteskundeetan hautagai errepublikanoa tematu egin da korreo bidezko botoari indarra kentzen: "Aspalditik zebilen bidea prestatzen, bazekielako erabakigarriak izango zirela boto horiek". Posta publikoari finantzaketa kendu diola azaldu du, eta, ondorioz, zerbitzuarekin lotutako arazoak areagotu.

Aretxabaletarraren ustez, bereziak diren hainbat aldagai dituzte AEBetako hauteskundeek. Kontatu duenez, mezuak iristen zaizkie herritarrei hauteskundeek eragin diezaieketen estresari eta antsietateari aurre egiteko aholkuekin. Psikologoak ere badaude laguntzeko. "Ez dakit aurtengo kontua den edo ni orain arte ez naizen konturatu, baina asko harritu nau", aitortu du.

Oihana Iriondo - Santa Monican bizi den oñatiarra

"Errepublikanoek ez dute kanpaina askorik aldatu, aterik ate ibili dira"

Oihana Iriondo Kaliforniako Santa Monica hirian bizi da, eta Los Angelesen egiten du lan. Hauteskundeetarako kanpaina "oso luzea" izan dela azaldu du oñatiarrak. Izan ere, 2019 hasieran ekin zieten demokratek euren hautagaia aukeratzeko lanei. Ordutik, Iriondok adierazi duenez, hauteskunde giroak ez du etenik izan. Donald Trump presidente denetik propaganda saioak egiten aritu dela gaineratu du Oñatikoak.

Luzea izateaz gain, "arraroa" ere izan da kanpaina, Iriondoren ustetan. Izan ere, COVID-19ak bete-betean harrapatu du. "Errepublikanoek ez dute kanpaina askorik aldatu; aterik ate ibili dira boto emaileak konbentzitu nahian", azaldu du. Demokratek, aldiz, arriskuak gutxitu nahi izan dituztela adierazi du.

Hauteskunde giroari dagokionez, Iriondoren hitzetan, "oso ezberdina" da, zein estaturi erreparatu zaion: "Kalifornian aldaketarako gogo handia dago". Hala ere, aitortu du, orokorrean, estatubatuarrak Trumpek berriz irabazteko beldur direla. Kezka ere badago sortu daitezkeen protesta eta istiluengatik.

Oñatiarrak azaldu duenez, jakina zen lehia estua izango zela hauteskundeetan. Trumpek orain arte egindako bideari jarraituko diola uste du Iriondok. Bidenekin, berriz, aldaketak etor daitezkeela nabari du; besteak beste, koronabirusari eta krisi ekonomikoari aurre egiteko planak, Obamacare osasun sistema zabaltzea eta hobetzea, klima aldaketari aurre egiteko programak eta haur pobrezia gutxitzeko estrategiak. Dena den, badaki erabakigarria izango dela Senatuaren gehiengoa zein alderdik duen: "Hauteskundeak Joe Bidenek irabazita ere, demokratak Senatuan gailendu ezean ez da posible izango aldaketarik egotea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak