"Transmisio komunitarioa geroz eta handiagoa da, eta egoera geroz eta kezkagarriagoa. Ospitaletako eta ZIU oheen egoerak ere okerrera egin du, nahiz eta gainezka egiteko berehalako arriskurik ez egon. Baina "saturazioa" mehatxua da. Hala, neurri berriak orain hartzea ezinbestekoa da birusaren transmisio katea eteteko. Egoera kezkagarria da oso. Neurrien helburua da konfinamendu orokorra saihestea eta Gabonetara ahalik eta egoera onenean iristea", azaldu du lehendakariak.
Neurriak bihar, egubakoitza, argitaratuko dira eta zapatuan, azaroaren 7an, jarriko dira indarrean. Azaroan zehar aplikatuko dira neurriak eta egoera epidemiologikoaren menpe egongo dira. Hamabostean behin aztertuko dute hartutako neurriek zenbaterainoko eragina izaten ari diren.
Neurri murriztaileak (zapatuan jarriko dira indarrean)
- 22:00etatik 06:00etara pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatuko da.
- Jarduera sozioekonomikoak 21:00etatik aurrera mugatzea. Merkataritza-establezimendu guztiei eragingo die; farmaziei eta gasolindegiei izan ezik.
- Kultu jardueren edukiera %35ekoa izango da.
- Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak itxiko dira. Kanpoan geratzen dira hoteletako eta beste ostatu batzuetako jantokiak, egoiliarrei zerbitzua emateko. Jatorduak etxez etxe prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte. Gasolindegietan, osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola-jantokietan, lantegi eta jantoki sozialetako zerbitzu-guneetan sartzen diren jatetxe-zerbitzuak kanpoan geratzen dira.
- Kultura-jarduera oro 21:00ak baino lehen bukatu beharko dira. Musika eta ahots-entsegu kolektiboak edo dantza-entsegu kolektiboak, profesionalak ez direnean, bertan behera geldituko dira.
- Taldeko edozein kirol-jarduera etetea, lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala izan ezik. Debekatuta dago kirol ekitaldietara joatea. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea jarduera fisikoa edo kirola hiri-inguruneetan egiten denean.
- Ikastaroak edo programatutako jarduerak gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan egin daitezke; betiere maskararekin egiten badira, gehienez sei laguneko taldeetan eta gehienez %40ko edukierarekin.
- Joko eta apustu etxeak ixtea.
- 22:30ak izango dira garraio publikoa lurralde historikotik ateratzeko gehieneko ordutegia. Salbuetsita dago taxia edo gidaria duen ibilgailuaren alokairua.