Euskadiko Babes Zibil Egitasmoko Batzorde Teknikoak, LABIk, dokumentu batean jasotako gomendioak bere eginez, Eusko Jaurlaritzak hamar gomendio eman ditu koronabirusaren kutsatzeak saihesteko. Orain arte ezarritako neurrien osagarritzat eta horiek bezain garrantzitsutzat jo ditu Jaurlaritzak hainbat esparruri eragiten dieten gomendioak:
- Ezinbestekoak ez badira, ekintza sozial eta familiarrak bertan behera uztea eta egitekotan, toki irekietan eta ondo aireztatutakoetan egitea. Kasuen eta kutsatzeen jarraipena egiteko erakundeek martxan jarritako APPak deskargatzea ere eskatzen du Jaurlaritzak.
- Koronabirusaren sintomak izan daitezkeenak izanez gero, Osasun Zerbitzuei abisatu eta autoisolatzea eskatzen zaie herritarrei, testa egiteari itxaron gabe. Kasu horretan autobilaketa ere gomendatzen da, hau da, bi egun lehenago izandako kontaktuen zerrenda egitea.
- Bildu daitezkeen gutxieneko pertsona kopurua errespetatzeaz harago, lagunen eta senideen arteko bilerak eta ospakizunak ahalik eta gehien murriztea.
- Ostalaritzari dagokionez, Jaurlaritzak ohartarazten du kirol partiduak edo bestelakoak ikusteko elkartzeak arrisku handia dakarrela.
- Maskaren erabilerarekin lotuta, Jaurlaritzak gogorarazten du ostalaritza establezimendu baten egonez gero uneoro modu egokian jarrita eduki behar dela eta jateko edo edateko unean bakarrik kendu behar dela.
- Kirolean, kirol instalazio itxiak arrisku guneak direla dio Jaurlaritzak. Gomendatzen du ez joatea publiko moduan esparru itxietan diren lehiaketetara eta ez erabiltzea gimnasio eta kiroldegietako aldagelak.
- Airea mugitu dadin, toki itxietan aireztapena uneorokoa izan behar da, batez ere sotoetan dauden guneetan, edo aireztapen txarra dutenetan.
- Pasillo, hall eta unibertsitateetako tabernak bezalako gune komunak arrisku guneak direla aintzat hartuta, protokoloak zorroztea eta prebentzio neurriak bereziki zaintzea eskatzen da.
- Garraio publikoan jendetzak saihestea eskatzen da, batez ere jende gehien dabilen orduetan. Une horietan maiztasuna eta ibilgailu kopurua handitzea oso gomendagarria dela dio Jaurlaritzak.
- Posible den lantokietan telelana sustatzea eta sartzeko eta irteteko ordutegien malgutasuna gomendatzen da.