Koronabirusaren pandemiarekin lotuta, Debagoieneko ESItik adierazi dute bailarako egoera ''kezkagarria'' dela. Azaldu dute urriaren 26tik 29ra bitartean 1.534 PCR proba egin dituztela bailaran, eta horietan 150 kasu positibo atzeman dituztela. Hala, egindako proben %9,7k eman du positibo eskualdean. Momentu honetan, hamazazpi pertsona daude Debagoieneko Ospitalean ingresatuta koronabirusaren ondorioz, eta bailarako intzidentzia tasa 757,13 da.
Egoera honen aurrean, koronabirusa saihesteko gomendatutako neurriak errespetatzeko deia egin dute; hala nola, homologatutako maskarak erabiltzekoa eta segurtasun distantziak mantentzekoa.