Mingain urdinaren aurkako protokoloa aktibatu da Gipuzkoan, bi kasu atzeman ostean

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 30a, 12:11

Ardiak.

Aia herriko ustiapen batean mingain urdin gaitzaren bi abelburu positibo diagnostikatu dituzte. Hori horrela, Foru Aldundiak elkarlanean dihardu azken egunotan Bizkaia eta Arabako Aldundiekin, eta Eusko Jaurlaritzarekin, gaixotasunaren aurkako neurriak aplikatzeko. Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak nabarmendu duenez, Aldundiak berehala aterako ditu foru aginduak, "animalien osasuna bermatzeko protokoloak aurreikusten dituen neurri guztiak ezartzeko".

Mingain urdinaren osasun protokoloak bi murrizketa nagusi ditu: Batetik, animaliak lekualdatzean murrizketak ezartzen ditu, eta, bestetik, derrigorrezko txertaketa kanpaina martxan jartzea ere. Gaixotasunaren zaintza areagotuko da, kasu berriak identifikatzeko. Horrez gain, txertaketa eraginkorra izan bitartean, animaliak mugitu ahal izateko desinfektatzeak eta PCR kontrolak egingo zaizkie.

Gipuzkoaren kasuan lurralde osoari eragingo diote neurri hauek, eta Foru Aldundiak txertaketa kanpainaren zein osasun kontrolaren gastu guztia bere gain hartuko du; ondorioz, ganaduzaleentzat erabat doako zerbitzua izango da. Aurreikusten da txertaketa kanpainak bizpahiru aste irautea, eta orduan kenduko dira animalien garraiorako murrizketak, normaltasuna berreskuratuz. Foru arduradunek harremanak izan dituzte jada lurraldeko lehen sektoreko eragileekin, hartuko diren neurri guztien berri emateko.

Gaixotasunaren ezaugarriak

Mingain urdina edo Ardien Katarro Sukarra kutsakorra den gaixotasun birikoa da, animalia hausnarkari domestikoei zein basatiei eragiten diena, batez ere ardiei. Intsektuen bidez transmititzen da, nagusiki eltxo-espezie jakin batzuen ziztadaren bidez, Culicoides generoko eltxoak hain zuzen. Eltxoak animalia kutsatuak ziztatu eta horien odola hartzean kutsatzen dira. Ez du inolako eraginik gizakiengan, ez animaliarekin kontaktuan egonez gero eta ezta animaliaren haragia kontsumituz gero ere; beraz, ez du inolako arriskurik eragiten osasun publikoarentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak