Zein da euskararen erabilera maila gazte eta nerabeen artean?
Hamaika modu daude horri begiratzeko. Nerabezaroan oso ohikoa da gazteek aldaketa bat eman eta gaztelaniara pasatzea. Hori da, batetik, eskolak eta familiak gazteen bizitzetan zentralitatea galtzen dutelako. Eskolaz kanpokoek, lagunarteek eta medioetatik iristen zaizkien input guztiek, berriz, beste garrantzi bat hartzen dute. Izan ere, badago eskolaren eta erakundeen aldetik iristen diren mezuen kontrako jarrera bat gazteen artean; horietatik bereizi nahi dute.
Izaera propioa eratu nahi izaten dute, beraz, eta ez dute hori euskaratik gertu ikusten.
Gazte izateko modu bat bilatzen du pertsona bakoitzak nerabezaroan; haur izatetik heldu gazte izatera pasatzerakoan, nor bere izateko eraren bila aritzen da. Batzuetan, hori lotuta dago errebeldiarekin. Horrez gain, funtsezkoa da erreferente bezala dituzten helduen papera. Eragin handia du horrek. Beste faktore bat da egunerokotasunean egin ohi dituzten jarduerak zein hizkuntzarekin lotzen dituzten. Horiek euskarazkoak badira, euskaraz bizitzeko modua aurkitzen dute gazteek, eta, bestela, ez.
Behin nerabezaroa pasata, itzultzen dira euskarara?
Batzuk bai eta beste batzuk ez. Euskarari eusten dioten gazteak edo muda bat egin ostean itzultzen direnak izaten dira beraien gazte izateko moduan euskaraz bizitzeko aukera aurkitu dutenak. Horiek dira, azken finean, eremu bat topatu dutenak ahalbidetzen diena gazte identitatea euskararekin lotzea. Izan daiteke, esaterako, kuadrilla euskalduna eta euskaltzalea izatea. Eman ohi den beste kasu bat da giro hori aurkitzea aisialdiko jarduera batean. Eskolaz kanpo gazte izanik euskaraz bizitzeko aukera horiek sortzea da orain ikusten den erronka nagusia.
Zertan eragin behar da gazteek eta nerabeek euskaraz bizitzeko ohitura izateko?
Eskolan badago hausnarketa bat egin beharra. D eredua nagusitu da, baina hor barruan sekulako aniztasuna dago, bai gazteen testuinguru eta ezaugarri soziolinguistikoetan, baita eskolak eskaintzen duenean ere. Berrikuspen bat egiteko beharra dago. Urte asko pasa dira D eredua martxan jarri zenetik, eta gauza asko berritu behar dira. Momentu honetan, funtsezkoa da eskolatik kanpoko arloa ere indartzea eta aukera batzuk lantzea. Eskolak bakarrik ezin du egin euskarari dagokion guztia. Eskolaz kanpo sortu behar dira gazteek euskaraz bizitzeko aukerak. Hori ziurtatu behar dugu. Hor ez du balio helduek gazteei esateak euskaraz hitz egin behar dutela; lortu behar dira gazte identitateari lotuta dauden euskaraz egiteko aukerak. Horretan taldetasunak dauka garrantzi bereizia. Adin horretan oso zaila da ibilbide indibidualak egitea, eta talde ahalduntzea bultzatu behar da. Lortu behar dugu hizkuntzaren gaiaz hitz egitea konfiantzaz eta lotsarik gabe.
Bide onetik goaz?
Hainbat esperientzia klabe egokietan kokatuta daude; esate baterako, berdinen arteko eztabaida bultzatu behar dela argi dute eragile gehienek. Optimistak gara zentzu horretan. Agian, egin behar dena da gako horietan sakondu.