52 kasu: egun berean atzemandako zenbateko handiena

Uxue Igarza Loiola 2020ko urr. 29a, 12:58

Atzo egindako PCR probek bailaran egun bakarrean atzemandako zenbateko handiena erregistratu zuten. Guztira, 52 kasu baieztatu ziren: hemeretzi Bergaran, hamasei Arrasaten, zazpi Oñatin, lau Eskoriatzan eta hiruna Antzuolan eta Aretxabaletan.

Gora egin dute positiboek bailaran eta pandemia hasi zenetik 1.869 kasu hauteman dira. Atzoko zenbatekoei erreparatuta, azpimarratzekoak dira Bergara eta Arraste; izan ere, hemeretzi eta hamasei kasu erregistratu dituzte. Hala, 428 dira gaixotasuna hartu duten bergararrak eta 778 arrasatearrak. Bi herriak gorriz markatuta daude Osasun Sailaren intzidentzia datuen sisteman.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Bi lagun hil dira azken astean, bailaran

Atzo, Eusko Jaurlaritzak astebetean zendutako pertsonen zenbatekoa jakinarazi zuen: aurreko eguaztenetik atzora arte 45 lagun hil ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, eta bi bailaran. Hego Euskal Herriko datua kontuan hartuta, 2.804 lagun zendu dira Koronabirusaren eraginez, pandemia hasi zenetik, atzo Nafarroan hildako bost lagunak batuta.

Bailarara etorrita, hilaren 25era arte metatutako datuak jakinarazi ditu Osasun Sailak, eta herriz herri, 43 hil dira Arrasaten, hamalau Bergaran, zazpi Aretxabaletan, sei Oñatin, hiru Eskoriatzan eta bat Elgetan. Guztira, 74 dira, eta azken astean bi izan dira erregistratutako heriotzak.

Kutsatze gehienak, Gipuzkoan

Datuetara bueltatuz, Hego Euskal Herrian atzo 21.443 PCR eta antigeno proba egin ziren – inoiz baino gehiago– eta horietatik %7,1ak eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %12,9k Nafarraon. Beste modu batera esanda, 1.777 positibo hauteman zituzten erkidegoan: 564 Gipuzkoan, 551 Nafarroan, 524 Bizkaian, 125 Araban eta hamahiru bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Dena den, kutsatze gehienak Gipuzkoan izan badira ere, birsorkuntza datua handiagoa da Araban: 1,20koa da, eta Gipuzkoan 1,15ekoa.

Ospitaleetan, 107 lagun ingresatu zituzten atzo, eta azken datuaren arabera, 878 daude Hego Euskal Herriko erietxeetan; horietatik 132 ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak