Orain arte erregistratutako zenbateko handienetakoa da atzokoa, eta Leintz Gatzagan eta Aramaion izan ezik, gainerako herri guztietan hauteman dira positiboak. Horien artean, aipatzekoa da Bergara, izan ere, atzo hautemandako hamasei kasuekin, dagoeneko 400 positibo metatuen langa gainditu du: zehazki, 409 dira hilabete hauetan kutsatutako bergararrak.
Bestetik, intzidentzia datuei erreparatuta, atzoko koloreekin jarraitzen dute bailarako 5.000 biztanletik gorako herriek: Arrasate, Oñati eta Bergara gorriz eta Aretxabaleta laranjaz. Bestetik, biztanle gutxiago dituzten herrietako datuak oinarri hartuta, eta hauek irizpide berarekin "koloreztatu" nahi izanez gero, Antzuola ere gorriz egongo litzateke, Aramaio, Elgeta, Eskoriatza laranjaz eta Leintz Gatzaga berdez. Halere, Osasun Sailak ez du uste komenigarria denik koloreak herri txikietara eramatea, izan ere, argudiatzen dutenez, familia baten baitan gertatzen diren kutsatzeek "modu nabarmenean" eragin dezakete herriko datuan.
Honako mapa honetan daude azken kutsatzeen datuak, positibo metatuak eta intzidentzia datuei dagozkienak:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Hego Euskal Herrian atzo 19.560 PCR eta antigeno proba egin ziren, 1.628 positibo hauteman ziren- Lurraldeka, 511 izan ziren Gipuzkoan atzemandakoak, 500 Bizkaikoak, 461 Nafarroakoak 143 Arabakoak eta 10 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artekoak. Bestetik, 439 izan ziren antigenoak neurtzeko probak, eta horietatik, 70ek eman zuten positibo. Aipatzekoa da, atzo, oinarrizko birsorkuntza datua berbera izan zela Araban eta Gipuzkoan; zehazki, 1,18ko R0 datua erregistratu zen.
Ospitaleei dagokienez, 104 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta azken datuen arabera, 867 pertsona daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan; horietatik 125, ZIUn. Bestetik, Debagoieneko Ospitaleko langileek jakinarazi dutenez, atzo hamabi lagun zeuden bertan.