Miriam Urkia: "Lanerako gogoz hartu dut Euskaltzaindiaren zuzendaritzako kide izatea"

Maialen Santos 2020ko urr. 24a, 12:42

Atzo egindako osoko bilkuran datozen lau urteetan Euskaltzaindiaren zuzendaritzan arituko direnen lantaldea osatu zuten; eta horren parte izango da aurrerantzean Miriam Urkia euskaltzain aretxabaletarra.

Urkiak berak GOIENAri adierazi dionez, "lanerako gogoz" hartu du kargu berria: "Lanean jarraitzeko laguntza eskatu didate, eta ni horretarako prest azaldu naiz". Hain zuzen, Iker sailburua izango da Urkia –ikerketa lanetara bideratuta dagoen sailean arituko da–.

Euskaltzaindiaren mendeurrenak "aldaketa bat" ekarri duela sinetsita dago: "Balio izan du Euskaltzaindiaren irudia ezagutzera eman eta jendearengana hurbiltzeko". Hala, zuzendaritza taldean ere izan dira aldaketak. Andres Urrutiak jarraituko du akademiaren buru izaten, eta hauek izango ditu taldeak: Jean-Baptiste Coyos, Adolfo Arejita, Sagrario Aleman, Miriam Urkia eta Roberto Gonzalez de Viñaspre –azken hau ere berria da–. 

Aretxabaletarrak azaldu du digitaliazioa, nazioartekotzea, profesionaltasuna, gizarteratzea, eta gizarteari zerbitzu publikoa eskaintzea izango dituztela helburu datozen hilabeteetan. 

Urkia euskaltzain osoa izendatu zuteneko ekitaldia Aretxabaletako Arkupen, 2019ko urtarrilean.

Ibilbide luzea

Miriam Urkia Euskal Filologiako doktorea eta Euskal Filologiako lizentziaduna da. Lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan-esparruak. UZEIko langilea ere bada 1983az geroztik. Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik eta, teknologiei lotutako lan lexikografikoekin batera, bereziki Euskaltzaindiari lotutako lanetan dihardu. Hiztegi Batuko lantaldeko kide 1999tik eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013tik. Euskaltzain urgazlea da 2003tik, euskaltzain oso 2018tik –Aretxabaletako Arkupen izendatu zuten– eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak