Establezimendu gehienek 21:00etarako itxi beharko dute Oñatin

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 22a, 21:13

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakitera eman duenez, zona gorrian dauden udalerrietan 21:00etarako itxi beharko dute establezimendu guztiek, elikadura arlokoek, farmaziek eta gasolindegiek izan ezik. Halaber, tabernetako barran kontsumitzea ere debekatuta egongo da. Debagoienean, Oñati da zona gorrian dagoen udalerri bakarra, oraingoz.

Osasun sailburuak jakinarazi duenez, bihar bi arau argitaratuko dituzte. "Batetik, larunbatean azaldutako neurriekin, eta bestetik, egoera larria duten udalerrietarako, zona gorrietarako, ezarritako neurriei dagokiena". Azken egoera horretan dauden udalerrietan, 21:00etarako itxi beharko dute establezimendu guztiek, elikadura arlokoek, farmaziek eta gasolindegiek izan ezik, "jaiegunetan barne". Horrez gain, establezimenduek ezingo dute alkoholdun edaririk saldu 21:00etatik 08:00etara.

Hala, tabernek eta jatetxeek 21:00etan itxiko beharko dute, 06:00ak arte gutxienez, eta barran kontsumitzea debekatuta egongo da. "Zutikako edozein jarduera debekatuta egongo da. Eserita kontsumitu beharko da", zehaztu du sailburuak. 

Horrez gain, parke publiko zein haur-parke guztiek ordutegi mugatua izango dute, 08:00etatik 21:00etara. Kirolari dagokionez, indibidualki bakarrik egin ahal izango da. "Bertan behera geratuko dira taldekako jarduerak, instalazio itxi zein irekietan", azaldu du Sagarduik.

Hasiera batean, behintzat, ez du zehaztu neurriok noiz sartuko diren indarrean eta halaber, intzidentzia-tasa jaistean, hau da, zona gorritik irtetean, malgutuko lirateke. Gaur-gaurkoz, zona gorrian daude EAEko 25 udalerri, 5.000 herritar baino gehiago izan eta 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituztenak, hain zuzen.

Bestalde, gomendio batzuk ere eman ditu: "Ez irten udalerritik, ez bada lanagatik, menpeko pertsona baten zaintzarako edota ezinbesteko jarduera baterako; giza topaketak unitate familiarrera mugatu; egin beharreko topaketak atzeratu eta espazio itxietako topaketak saihestu".

Azkenik, "ulermena" eskatu die herritarrei, eta baita "konpromisoa" ere. "Guztion ardura da birusaren hedapena saihestea. Maskara erabili nahitaez, distantzia soziala mantendu, eskuak maiz garbitu eta leku itxiak maiz aireztatu".

Gainontzeko herrietan, orain arteko neurriek jarraituko dute indarrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak