Larunbatean, hilak 17, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile berriak iragarri zituen pandemiari aurre egiteko; horien artean, bilerak sei pertsonatara mugatzea. LABI aholku batzordeak egindako proposamena izan zen, baina Auzitegi Nagusiak ez du onartu, eta hortaz, neurria ezingo da indarrean jarri. Hala, oraingoz behintzat, talde bilerek –arlo pribatukoak zein publikokoak–, ez dute muga legalik izango.
Hamar laguneko taldeena ere, gomendioa
Garbiñe Biurrun epaileak argitu duenez, 1986ko Osasun Publikoaren Lege Organikoak ez du baimentzen batzarretan mugarik ezartzea: "Hamar laguneko bilerak ere gomendioa ziren, ez zeuden araututa". Zehazki, lege Organikoaren hirugarren artikuluan zehazten dira Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko hartu ahal dituen neurriak. Horrela dio artikuluak: "Gaixotasun transmitigarriak kontrolatzeko helburuarekin, osasun-agintaritzak, prebentzio-ekintza orokorrak egiteaz gain, neurri egokiak hartu ahal izango ditu, gaixoak, horiekin kontaktuan dauden edo egon diren pertsonak eta gertuko ingurumena kontrolatzeko; bai eta arrisku transmitigarririk egonez gero, beharrezkotzat jotzen direnak ere". Hala, Biurrunek esan du gaixoei lotutako neurriak direla aplikatu daitezkeenak, eta gainerakoek oinarrizko eskubideak urratzen dituztela.
Dena den, epaileak azaldu duenez, badago aukera Jaurlaritzak neurri murriztaile hori aplikatzeko, baina horretarako, alarma egoera ezarri beharko litzateke.