Atzo egindako PCR probek zortzi kasu hauteman dituzte Bergaran, zazpi Arrasaten, bost Oñatin, hiru Aretxabaletan eta bat Eskoriatzan. Aurreko egunean baino gutxiago badira ere, ezin da esan joera aldatu denik, eta semaforoak bere horretan jarraitzen du: gorriz dago Oñati, laranjaz daude Arrasate eta Bergara eta horiz Aretxabaleta. Horrekin lotuta, Osasun Sailak azaldutakoaren arabera, koloreen sistema ezin da 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietara egokitu, izan ere, adierazi dutenez, herri txikietan, familia bereko senideak kutsatzean, herriko intzidentzia datua nahas daitekete: "Familia bereko kideen artean kutsatzen badira, intzidentzia-tasak gora egin dezake, baina horrek ez du esan nahi udalerrian transmisio handia egon behar denik".
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Positiboek, gora
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman du, atzo, 10.817 PCR proba egin zirela, eta horietatik %7,6k eman duela positibo, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, azaldu du 3.725 proba egin zituztela eta %9,85 izan direla positiboak. Horrela, guztira, 1.186 kasu erregistratu ziren Hego Euskal Herrian, eta lurraldeka banatuta, 377 izan ziren Gipuzkoan, 367 Nafarroan, 342 Bizkaian, 85 Araban eta 15 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Gipuzkoan egun batean erregistratu den bigarren zenbateko handiena da; egubakoitzean, hilak 16, erregistratu baitzen altuena, 431 kasurekin. Bestalde, oinarrizko birsorkuntza datuari dagokionez, 1,28koa izan da Gipuzkoan eta 1,17koa Araban. Nafarroan, bestalde, atzo zortzi lagun zendu ziren.
Ospitaleetan, azken datuaren arabera, 701 lagun daude ingresatuta Hego Euskal Herrian –horietatik 97 ZIUn–, atzo beste 86 ospitaleratu baitzituzten. Debagoieneko Ospitalean, berriz, bederatzi dira ingresatuta daudenak.