"Inoiz baino beharrezkoagoa da erakunde maila desberdinen arteko lankidetza, beti ere Osakidetzarekin koordinatuta. Osasun arloko murrizketak eta gomendioak betetzeko orduan inoiz baino zorrotzagoak izan behar gara eta errespetarazi egin behar ditugu, gure eskumenen esparruan ", adierazi du diputatu nagusiak, eta pandemiaren aurkako borrokan Gipuzkoako udal guztiak jokatzen ari diren "lan aktiboa eta ezinbestekoa" eskertu eta aitortu nahi izan du.
Azaldu duenez, "gizarte gisa, harreman sozialak ahalik eta gehien mugatuta soilik" lortuko da kasuen gorakada geldiaraztea eta kutsatze lerroak moztea. "Orain egiten dugunaren araberakoa izango da datozen asteetako bilakaera. Egungo egoerari buelta emateko, konpromiso eta esfortzu komunitarioari eusteko unea da, horrela bakarrik lortuko dugu eta kolektibo ahulenen bizitzak babestea", gaineratu du.
Adinekoen egoitzen egoera izan da aztertutako beste elementuetako bat, pandemiaren aurrean "ahulenak diren gizarte-kolektiboetako bat artatzen baitute". Diputatu nagusiak berretsi egin du egoiliarren "osasuna eta segurtasuna" dela "lehentasun nagusia", eta, jakinarazi duenez, azken egunotan ia egoitza guztietan mugatu dituzte kanporako irteerak, oraindik "ez hain egoera epidemiologiko gogorrean" dauden udalerrietan izan ezik.