Atzo egindako PCR proben arabera, beste 26 positibo baieztatu dira Debagoienean; horietatik hamaika Arrasaten. Gauzak horrela, pandemia hasi zenetik 640 arrasatear kutsatu dira, eta azken bi asteetako datuei erreparatuta, semaforoa laranja du (100.00 biztanleko 349,08ko intzidentzia baitu). Esan behar da, datuen arabera, 1.000 herritarretatik 29 kutsatu direla.
Bestetik, zenbatekoak gora egiten jarraitzen duen beste udalerri bat Antzuola da. Beste zortzi kasu hauteman zituzten atzo, eta guztira, pandemia hasi zenetik 73 positibo erregistratu dira. Azken bi asteetako intzidentziari dagokionez, ez da Osasun Sailaren sisteman sartzen (5.000 biztanle baino gutxiago dituelako), baina 2.362,56koa da 100.000 biztanleko, eta hortaz, gorriz dauden hainbat udalerrirena baino altuagoa da. 1.000 herritarretatik, 33 kutsatu dira.
Oñati, gorriz dagoen herria
Gainerako herrietan ere, kasu metatuen zenbatekoa hazten ari da; salbuespena izaten ari da Leintz-Gatzaga. Intzidentzia datuen semaforoari dagokionez, gorriz dagoen udalerri bakarra Oñati da (546,01) eta laranjaz daude Arrasate (349,08) eta Bergara (359,9). Ondoren, horiz markatuta agertzen da Aretxabaleta (154,97). Dena den, esan bezala 5.000 biztanletik beherako herriak ez dira agertzen koloreekin markatuta, baina datuak honako hauek dira: Aramaiok 265,6ko intzidentzia du, Elgetak 263,39koa eta Eskoriatzak 295,20koa.
Kasu metatuei eta 1.000 biztanleko erregistratu diren positiboei dagokienez, honako mapa honetan daude udalerri guztietako datuak:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
1.203 kasu, Hego Euskal Herrian
Osasun Sailek jakitera eman dutenez, atzo 13.109 PCR proba egin ziren EAEn, eta 1.203 positibo baieztatu zituzten: 578 Nafarroan, 305 Gipuzkoan, 265 Bizkaian, 55 Araban eta 1 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestetik, Gipuzkoan erregistratutako oinarrizko birsorkuntza datua 1,26koa izan da eta Arabakoa 1,12koa. Gipuzkoak, hain zuzen ere, 100.000 biztanleko 500 positiboren langa gainditu du, 506 kasu pasako tasarekin.
Ospitaleetan, 79 pertsona ingresatu zituzten atzo Hego Euskal Herriko erietxeetan, eta hortaz, guztira, 680 daude ospitaleratuta; horietatik 97, ZIUn.