"Hogei urtek askorako eman dute gure bailaran"

Oihane Agirre 2020ko urr. 19a, 18:27

Xabier Urzelai eta Julen Iriondo kazetariak Goiena telebistako erredakzioan.

Aurten 20 urte bete ditu Goienak, eta, urteurren hori aitzakia hartuta, ibilbide horretako hogei gertaera nabarmendu nahi izan ditugu erreportaje formatuan –20 urte, 20 albiste– Goiena telebistan eta Puntua aldizkarian. Egiteko horretan jardun dute, besteak beste, Xabier Urzelai eta Julen Iriondo kazetariek.

Zer da Goiena: 20 urte, 20 albiste?

Julen Iriondo: Goienak aurten 20 urte bete dituela-eta martxan jarri genuen erreportaje sorta da, Puntua aldizkarian argitaratzen eta Goiena telebistan ematen ari garena.

20 urte hauetako albiste inportanteenen bilduma da?

J.I.: Albisteena eta gaiena, esango nuke. Saiatu gara, behintzat, aukeratu ditugunak gehiengo batentzako inportanteenak edo inportanteenetakoak izan daitezkeen albisteak eta gaiak izan zitezen. Erreportaje batzuk albiste konkretuei buruzkoak dira; AP-1 autobidearen eraikuntzaren gainekoa, adibidez. Beste batzuetan, gaiari heldu diogu, eta erreportaje barruan nabarmendu ditugu hainbat mugarri; unibertsitateen bilakaerari buruzkoan, adibidez.

Testuingurua osatu nahi izan duzue ahots ezberdinak jasoz. Samur aukeratu dituzue ahots horiek?

J.I.: Ez da beti erraza, gaiaren zabaltasunaren arabera. Gertaera konkretua bada, errazagoa da. Adibidez, urteetan luzatu den gai bati eta ertz ugari dituen gai bati buruz ari bagara, zailagoa da elkarrizketatzeko lau pertsona aukeratzea. Zeren, printzipioz, erreportaje bakoitzeko lau pertsonara mugatu nahi izan dugu elkarrizketa berri kopurua, muga nonbait jartzearren, nahiz eta kasu batzuetan besteren bat ere egin.

Irudi zaharrak, albiste izan zirenekoak, darabilzue. Horrek ere badu bere erakargarritasuna eta zailtasuna. Formatu ugari...

J.I.: Bai; bilaketa lana egin behar da, saiatu garrantzitsua den ezerk ez dezan ihes egin… Bilaketa ez da beti erraza, artxibatzeko moduak ere aldatuz joan direlako eta bere momentuan ondo egin beharreko lana delako materiala artxibatzearena. Gero, bai, material zaharrena zintetatik pasatu behar izan dugu sistema digitalera. Egia da, hori bai, azken emaitzarako polita eta aberasgarria dela beti artxiboko material hori erabiltzea, edukiagatik, batetik, eta erdi ahaztuta izan genitzakeen gauzez oroitzeko eta urteotako askotariko aldaketak ikusteko, bestetik. Hogei urtek askotarako eman dute.

Zein erreportajerekin geratu zarete gusturen?

J.I.: Frankismoaren biktimen ingurukoarekin eta Aupa Etxebeste! eta Handia pelikulen gainekoarekin, adibidez.

Xabier Urzelai: Espainiako errege-erreginak Fagorrera etorri zirenekoa berezia izan zen, eta eskertzekoa da erabaki hartan zeresan handia izan zuen orduko MCCko presidente Jesus Cataniak baiezkoa eman izana. Fagor Etxetresnen itxieraren gaineko erreportajean, berriz, gertatu zena lehenago ere jaso dugu beste erreportaje batzuetan. Oraingoan, lau langile ohirengana gerturatu gara, ze oroitzapen duten duela zazpi urte pasa zen hartaz. Eta deigarria da zenbat kostatu zaigun lau lagun horiek batzea; konturatu gara jendeak ez duela batere gogorik gertatutakoaz berba egiteko. 

Eta esku artean dauzkazuenen artetik, zeini helduko diozue gogo handiz?

J.I.: Isaias Carrascoren hilketatik abiatutakoa dut orain esku artean. Hurrengo astean emango duguna izango da. Gertaera gogorra da, berez, baina mezu baikorrak eta eraikitzaileak izan daitezkeenak ere jasoko ditu. Ikustea mereziko duela uste dut.

X.U.: Julen eta biok duela 20 urte hasi ginen Goienan lanean; sorreratik, alegia. Eta Goiena gai moduan ere landuko dugu; hortaz, ordukoak gogora ekartzea ere gustura egingo dudan zerbait da; nostalgiatik ere izango du apur bat, seguru.

Zaila izan da albisteak aukeratzea?

J.I.: Erraza ez: 20 urte denbora luzea delako; saio honekin zenbait lagunetako lantaldetxoa ari garelako, bakoitza bere ikuskerarekin; eta gai batek hamaika ertz izan ditzakeelako.

X.U.: Gai aukeraketa erredakzioan zabaldutako gaia izan zen, eta askok hartu dute esku. Ondoren, orrazia pasa behar izan dugu, helduleku diferenteak kontuan izan… Gai bakoitza ere modu askotara landu daiteke, ikuspuntu ezberdinekin.

Orduko protagonistak ekarri dituzue hainbat kasutan, haiek gaur egungo ikuspuntua emanez. Nola moldatu dira horiek kamera aurrean?

X.U.: Gaiaren arabera. Protagonista batzuk lehenagotik ere ohituta zeuden kamera aurrean berba egitera, eta beste batzuendako lehenengo aldia izan da. Gainera, ez da gauza bera gai positibo bat gogora ekartzea, edo oraindik mina sortzen duen zerbaitez berba egitea. Egia da elkarrizketak bakarkakoak izan direla, teknikari lanak ere egin ditugu elkarrizketak egiterakoan, eta beste giro eta konfiantza bat sortzen da hor; kamera atzean ez gara lau lagun egon protagonistak esaten duen hori entzuten eta grabatzen.

Telebista proiektuaz gain, paperera ere ekartzen ari zarete erreportajeak...

X.U.: Eta hor dago beste erronketako bat. Ez da gauza bera ordu erdiko telebista saio bat egitea, edo sei orrialdeko erreportaje bat idaztea. Gaia berbera da, baina gaia aurkezterakoan euskarriak ez dira berdinak, ezta gaia lantzeko modua ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak