'60 urte bidelagunak biltzen' kanpaina aurkeztu du Atzegik, 60. urteurrena gogoan

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 19a, 16:50

Atzegiren sentsibilizazio kanpainaren aurkezpena. Argazkia: Foru Aldundia.

60 urteotan elkartearen bidelagun izan dituztenak omendu gura ditu Atzegik aurtengo kanpainarekin, eta bide batez, laguntzen jarraitzera gonbidatu du gizartea. 2020a bukatu bitartean ospatuko dutela urteurrena jakinarazi dute "unean uneko osasun-egoerara egokitutako hainbat jarduerarekin".

Gaur goizean aurkeztu dute Atzegiren sentsibilizazio kanpaina Foru Aldundiaren egoitzan eta horren nondik norakoen berri eman dute Maite Peña Gizarte politikako diputatuak, Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak, Mitxel Lakunza Atzegiko zuzendariak eta Josean Idoeta Atzegiko presidenteak.

Bidelagunen irudia nabarmendu gura du Atzegik 60 urte bidelagunak biltzen leloarekin, eta adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko borrokan elkartearekin bat egin duten pertsonak omendu. "Horiei esker lortu dugu gizartea aldatzea, begirada aldatzea, aukerak areagotzea eta azken batean, eskubide asko onartzea", adierazi du Josean Idoatek, Atzegiko presidenteak. Seme-alaben etorkizunaren alde lan egiteko 1960an familia batzuk elkartu zirenetik kontuak asko aldatu direla azpimarratu du Idoatek: "Lehen pentsaezinak ziren helburuak lortu dira esparru ezberdinetan; hezkuntzan, egoitzetan, lanean, aisian, oro har, eskubideen arloan, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea, botoa emateko eskubidea, modu independentean bizitzeko eskubidea...". Hala ere, oraindik beste erronka asko geratzen direla aurretik azpimarratu du eta bide horretan "Gipuzkoako gizartearen babesa ezinbestekoa dela".

Maite Peña diputatuak bere aldetik adierazi du Gipuzkoako Foru Aldunditik lanean jarraituko dutela pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzeko.

Urteurreneko ekintzak

Mitxel Lakunza elkarteko zuzendariak, ostera, urteurrenerako aurreikusitako ekintzetako batzuk aurkeztu ditu; horietako asko COVID-19aren prebentzio-neurrietara egokitu behar izan dituzte. Aurreko urteetan bezala 3.000 kartel jarriko dituzte Gipuzkoa osoan zehar, eta bideo bat zabalduko dute hainbat kanalen bidez. Horrez gain bidelagunak biltzen leloa duten eskumuturrekoak banatuko dituzte. 

Bestalde, www.atzegi.eus webgunean astero (60 astez, 60. urteurrenari keinu bat eginez) atzegizale edo bidelagun esanguratsu baten profila aurkeztuko dute, Atzegirekin izandako esperientzia pertsonala azaltzeko. Eta urteurrena amaitzeko, 2021eko abenduaren 20an, Kursaalean ekitaldi bat egiteko asmoa dute.

15.000 lagunetik gora Atzegin

Atzegi osatzen dute 2.054 familiak (2.140 adimen desgaitasuna duten pertsonak), 2.534 pertsona kolaboratzailek eta 10.486 atzegizalek. Hortaz, elkartearen oinarrian 15.074 lagun daude guztira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak