Indarberrituta eta eskaintza zabalarekin dator Goiena telebista udazkenean

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko urr. 19a, 08:29

Konfinamendu garaian, telebista egiteko modu berrietara egokitu behar izan zuten Goiena telebistan. Orain, udazkenarekin batera, eskaintza berriarekin datoz; platoko saioak bueltatu egingo dira: Harmailatik eta Harira, esaterako. Kanpainak adierazten duen moduan, pilak kargatu dituzte Goiena telebistan eta eskaintza berriarekin datoz, sasoitsu, orain ere %100 ematen.

Martxoan, konfinamenduarekin batera, telebista egiteko modu berriak etorri ziren. Platoko hainbat saio ekoizteari utzi eta zuzeneko Internet bidezko konexioak gailendu ziren. Gertuko informazioak jarraipen handia izan zuen toki hedabideetan; tartean, Goiena telebistan.

Gaur egun, 10.000 ikus-entzule ditu Goiena telebistak egunero, CIESeko azken datuen arabera. "Egoera zailean Goienako lankideek esfortzu berezia egin dute eta erantzuna jaso dugu komunitatetik", adierazi du Oihane Agirrek, Goiena telebistako zuzendariak.

Ez-jaien gaineko saio bereziak

Maiatzarekin batera etorri zen ibarreko jaiak ospatzeko sasoia, eta ez-jaiak nagusitu ziren orduan; hala, egoerara moldatu, eta saio bereziak eskaini zituen Goiena telebistak, herrietatik. "Oso garbi izan dugu jai ofizialik ez zegoela esatea zela gure egitekoa saio hauetan", dio Agirrek. Bereziki artxiboko irudiek protagonismo handia hartu zuten saioetan, eta jaietako ikur direnek lekua izan zuten.

Komunitatea, lehen lerroan

Konfinamenduan, berebizikoa izan da komunitatea Goienan, baina aurrerantzean ere hala izango da. Norbanakoek gero eta ikus-entzunezko gehiago ekoizten dituzte eta komunitatean zabaltzeko Goiena dela aukera onena dio Agirrek. Goienarekin harremanetan jartzeko hainbat bide daude: 688 69 00 07 –Whatsapp eta Telegram– eta berriak@goiena.eus.

Udazkeneko programazioa

Udazkenarekin batera, eskaintza berritu du Goiena telebistak. Hemen Debagoiena magazinean, egunero, gertuko informazioa izango da ardatz. Astelehenetan, Harmailatik kirol saioa bueltan izango da, Xabier Urzelairekin. Martitzenetan, Harira saioaren txanda izango da. Debagoieneko alkateak elkarrizketatuko ditu Eneko Azkaratek, Goienako edukien zuzendariak, agintaldi honetan lehendabizikoz. Egubakoitzetan, Goiena: 20 urte, 20 albiste erreportaje-sortaren txanda da: azken hogei urteetan nabarmendu diren albisteen gaineko erreportajeak, orduan protagonista izan zirenen ahotsek kontatuta. Azkenik, musikak leku berezia izango du egubakoitzetan, Kooltur Ostegunetako kontzertuak eskainiko dira eta.

Ligak hastearekin batera Harmailatik

Kirol talde gehienak liga hastera doazen honetan hasiko dute Goiena telebistan Harmailatik saioa. Urriaren 26an hasita, astelehenero (21:30, 23:30), bailarako kirol kontuak izango dira berbagai, nahiz eta datorren astelehenean Harira saioan kiroletako tarte berezia egingo duen Xabier Urzelaik, motorrak berotzen joateko: "Ikasturte berezia izango da, martxoan egun batetik bestera utzi behar izan genuen alde batetara kirol saioa, eta orain, taldeetako entrenatzaileekin berba eginda ikusten dugu ziurgabetasun handia dagoela. Hain zuzen, kirol emaitzetatik harago taldeen eguneroko errealitatea erakusten ere ahaleginduko gara. Bestalde, gonbidatuak ere izango ditugu saioan, segurtasun neurri guztiak zainduta".

Denboraldi berriarekin batera itxura aldatuko diote Harmailatik saioari. Dekoratu berria izango dute, eta Javier Larreina eszenografoa izan da egilea.

Alkateak pasako dira 'Harira' saiotik

Bueltan da Harira saioa, herri ordezkariekin egindako elkarrizketa saioa. COVID-19aren ostean larrialdi egoera ezarri zenez geroztik, Goiena telebistako parrilatik desagertuta zen Eneko Azkarateren saioa, baina udazkenarekin berriro itzuli da.

Alkateekin itzuli ere. Izan ere, Debagoieneko alkate guztiak pasako dira Gabonak bitartean. Asteon eman dio hasiera Maria Ubarretxenak, Arrasateko alkateak, eta datorren astean Gorka Artola Bergarako alkatea izango da gonbidatua. Ondoren etorriko dira beste zazpi herrietakoak, handienetik txikienera, Leintz Gatzagako alkate Eugenio Otsoarekin amaituta. "Ordu erdiko saioa izango da eta herritarrek aukera izango dute alkateari galdera egiteko; horretarako, Whatsapp eta Telegram –688 69 00 01– eta posta elektronikoa – berriak@goiena.eus– erabili ahal izango dute", dio aurkezleak.

Agintaldi honetan alkateekin egiten den lehen erronda izango da, eta, hortaz, lehenekoz pasako dira Bergarako eta Oñatiko alkateak, Gorka Artola eta Izaro Elorza. "Aurrerago egin nahiko genituzke eztabaida saioak Udal Gobernuko eta oposizioko ordezkariekin, edota oposizioko bozeramaileekin".

Kooltur bueltan da

Iaz hasi zuen elkarlana Goienak Kooltur Ekintza elkartearekin, ostegunetako kontzertuak grabatu eta ostean Goienako hainbat hedabidetan eskaintzeko. Zoritxarrez, konfinamenduarekin batera bertan behera geratu ziren kontzertuak.

Aurten ere indartsu datoz Kooltur Ostegunak eta aurrera egiteko apustua egin dute. "Ez dugu kultura salbatuko, baina bide horretan gure aletxoa jarri nahi dugu", adierazi du Iker Barandiaran Kooltur Ekintza taldeko kideak. Ekimenaren bultzatzaileek badakite ez dela ohiko denboraldia izango, baina argi daukate horrelako ekimenak sustatu behar direla; betiere, egoera berrietara moldatuta.

Askotariko musika estiloei tokia egitea da aurtengo asmoa, eta datozen hilabeteetarako hainbat talde lotuta dituzte; besteak beste, Zetak, La Secta eta Skabidean.

Rukula taldeak abiatu behar zituen aurtengo Kooltur Ostegunak, baina, taldeko kide baten konfinamendua tarteko, bertan behera geratu zen kontzertua. Beraz, Raitx taldeak eman zion hasiera ekimenari, pop elektronikoa egiten duen hirukoteak. Ostean, Victimas Club taldearen txanda izango da; rocka eta bluesa lantzen ditu taldeak eta taldekide du Jon Zubiaga arrasatearra. Amorante bakarlaria ikusgai izango da urriaren amaieran; kantu tradizionala oinarri hartuta, doinu esperimentalak lantzen ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak