Miren Elgarresta: "Ekonomian genero arrakala ugari daude"

Maialen Santos 2020ko urr. 16a, 13:25

Alor ekonomikoan emakumeen eta gizonen "aukera berdintasuna" bermatzeko III. Foru Plana aurkeztu du Aldundiak. Lau ildo jarraituta, ekintza ugari abiaraziko dituzte.

Miren Elgarresta Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendariak azaldu du emakumeen "autonomia ekonomikoa" eta "kalitatezko enplegua" bultzatzea izango direla plan horretako helburu nagusietako bi.

Zeri erantzuten dio III. Foru Planak?

Lan-tresna garrantzitsua da, batez ere, zeharkako politika batentzat. Funtsezkoa da berdintasun legeak eta foru arauak diseinatzeko orduan horrelako erreminta bat edukitzea, gero ekintza horiek egikaritzeko.

Aldundiko zuzendaritza guztien eta eragile sozialen partaidetza izan du. Nola landu duzue?

Urte bateko prozesua izan da, eta bi ezaugarri izan ditu: alde batetik, eragile ezberdinekin partekatutako lan-prozesua egitea ezinbestekoa izan da; bestetik, prozesu parte-hartzailea izan da. Ez da erakundeak asmatzen duen zerbait; izan ere, aintzat hartzen dira orain arte egindako ibilbidearen esperientzia, eta baita plana bera garatuko den espazio eta eragile ezberdinak ere: emakume elkarteak, herritarrak, mugimendu feminista…

Emakumeen autonomia ekonomikoa eta kalitatezko enplegua bultzatu gura dituzue...

Helburu horiek aurretik identifikatuta genituen, egindako ibilbideari esker. Erakundeen artean dugun sarean erreferentziak ditugu: Emakunde edota Europa mailako Genero Berdintasuneko Institutua. Erreferente horien mugarriak bat datoz Aldundian azken urteetan jorratu ditugunekin: genero arrakala ixtea, indarkeria matxistari aurre egitea, zaintzako ezberdintasunak ezabatzea….

Berdintasuna pandemiari erantzuteko funtsezko elementua izango dela diozu. Zergatik?

Krisi guztien aurrean oso ohikoa izan da inboluzio batean sartzeko arriskua; batez ere, berdintasun politiketan. Osasun-krisiaren aurrean zaindu egin behar dugu genero arteko ezberdintasunak handiagoak izan ez daitezen. Hori horrela, aurrerantzean martxan jarriko dugun planean COVID-19aren testuingurua txertatuta egongo da. Berdintasunaren bidean, Aldundiak bere eginkizuna indartuko du... Indartu gura dugu berdintasun organoak duen zeregina beste departamentu eta zuzendaritza guztiekin; hots, politika sektorial guztiekin. Organo honen eginkizuna da herri politikei bultzada ematea eta jarraipena egitea, baina exekutatzea sektore bakoitzari dagokio.

Lau esku-hartze ildo zehaztu dituzue horretarako.

Gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, eraldaketa ekonomiko eta soziala eta indarkeria matxistaren aurkako borroka. Lau zutabe horiek altxatzen dira aurretik sortutako zimenduei esker, eta horietatik abiatuta egituratzen da plan berria.

16 helburu estrategiko eta 122 ekintza jasotzen ditu plangintzak...

Oso garrantzitsua da lerro estrategikoak ondo definitzea, gero horien baitako garapena egiteko.

Zergatik da garrantzitsua aukera berdintasuna, batez ere, alor ekonomikoan bermatzea?

Alor ekonomian bistaratuta daudelako hainbat arrakala. Soldatarena da ezagunena, baina ondo ulertu behar da esanahia; ez du diskriminazioa adierazten, ezinbestean. Soldata arrakala sortzen da hainbat faktoreren eraginez, eta gehien eragiten duena da rol eta estereotipoei erantzuten dien sexuaren araberako lan banaketa. Genero Berdintasunaren Indizearen arabera, Gipuzkoa 72,5 puntutan kokatu da. Zer esan gura du horrek? Konfirmatu egiten du Gipuzkoa aitzindaria dela berdintasun politikaren garapenean. Erkidego mailan zenbaki altuena ere guk dugu, eta Europako beste lurralde batzuekin konparaketan 5. gaude: Finlandiaren eta Suediaren atzetik, hain zuzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak