Javier Tejada: "Energia asko sortzen duten iturrien alde egin behar da"

Karmele Uribesalgo 2020ko urr. 16a, 09:34

Zientzia eta Berrikuntza Jardunaldien baitan (ZTB), energiaren eta adimen artifizialaren inguruko hitzaldia egin zuen asteazkenean, Bergaran, Javier Tejada Bartzelonako Unibertsitateko katedradun emerituak. Goienagusiren ikasturteko egitarauaren barruan.

Esan izan duzu energiak eta adimen artifizialak eginkizun garrantzitsua izango dutela etorkizunean. Zergatik?

Gizakiak energia behar du eboluzionatzeko; bere eskura daukan energia guztia behar du. Arazoa da zein energi iturri erabiliko ditugun. Koronabirusak eragin duen krisi ekonomikotik irteteko energia beharko dugu; produkzioa areagotzeko beharra dago, eta horrek kontsumo energetikoaren beharra dakar. Txina, esaterako, ikatza erabiltzen dagoenez, laster aterako da krisialditik. Izan ere, gaur egun, energiaren %75 erregai fosiletatik lortzen da; petroliotik eta ikatzetik, batez ere. Barne produktu gordinak ere (BPG) harreman zuzena du energia kontsumoarekin; gora egiten duenean, gehiago kontsumitzen da. Dena den, kontuan izan behar dugu planeta bizigarria utzi behar diegula ondorengoei, eta horretarako energia garbiak erabili behar ditugu.

Energia beharrezkoa da, baina kutsatzen ez duten horien alde egin behar dela diozu.

Energia kontsumoa murriztea gure aurka doa. Hala ere, behar bezalako erabilpena eman behar zaio. Horrez gain, saiatu behar dugu kutsatzen ez duen energia erabiltzen, baina ez dugu zertan energia gutxiago erabili. Horregatik diot apustua egin behar dugula energia asko sortzen duten iturrien alde.

Zuk fusio nuklearraren alde egin izan duzu.

Gizarteak geroz eta argiago dauka garrantzitsua dela planeta zaintzea; ezin dugula hondatu, gure bizitokia dela. Horretarako, energia garbia behar dugu, eta hori, adibidez, fusio nuklearrarekin sortu dezakegu. Kontua da arrazoi teknologikoengatik oraindik ezin dela kontrolatu. Hori dela eta, uste dut adimen artifiziala landuz gero, gisa horretako arazo teknologikoak konpondu daitezkeela. Horregatik diot energiak eta adimen artifizialak harremana dutela.

Zertan lagundu dezake adimen artifizialak?

Munduan dagoen arazo handienetako bat da gaixotasunena, eta argi gelditu da COVID-19arekin, baita minbiziarekin ere. Hori nola sendatu jakiteko, ikerketa asko egin behar dira, eta, beraz, adimen asko. Gauzak horrela, nik uste dut adimen artifizialaren jomugetako bat izan behar dela gaixotasunei aurre egitea.

Ordenagailuek sistema bitarrekin jarduten dute, baina sistema kuantikora pasako direla adierazi duzu. Zer eragingo du horrek?

Hainbat operazio era paraleloan egiteko aukera emango du sistema kuantikoak. Imajinatu horri esker zer-nolako gaitasuna izango dugun arazoak konpontzeko. Google, Microsoft, IBN, Facebook eta Amazon, esaterako, duela hamar urte inguru ohartu ziren horretaz, eta prototipo batzuk sortzen hasi dira. Lasterketa teknologiko bat dago, eta ziur hemendik urte batzuetara sistema hori gure artean izango dugula. Arazoa da beste behin enpresa handien esku egongo ginatekeela.

Makinek ordezkatuko al dute gizakia?

Ordezkatzen dituzte jada, adimen artifizialak gaitasuna baitauka gizakiak egin ezin ditzakeen ekintza batzuetarako. Horrez gain, medikuntzan, adibidez, diagnostikoak egiten lagundu dezake. Momentuz, hori izango da, laguntza bat, eta ez du balioko kasu guztietarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak