Angel Fernandez hil da, 80ko hamarkadan Mondrako atezaina izan zena

Angel Fernandez (1957) hil da, 80ko hamarkadan Mondrako atea defendatu zuen atezaina, eta egun Levanten diharduen Aitor Fernandez Abarisketa atezainaren aita. 2019ko martxoan izan zen Goiena biekin, aitak transplante baten ondoren biriketako gaitz larri bat gainditu eta gero. Zoritxarrez, talde zuri-moreko atezain ohiak ez du koronabirusa gainditu.

Dolu-eguna da Fernandez Abarisketa sendiarendako, eta baita Mondra futbol taldeko zaleendako. 80ko hamarkadan atezain izan zen Angel Fernandez hil da. Arrasatearrak biriketako gaitz larri bati aurre egiten eman ditu azken urteak, nahiz eta 2019an izandako transplante baten ondorioz Fernandez oso errekuperatuta zegoen, eta bizitzaz gozatzen. Halaxe aitortu zion komunikabide honi 2019ko udaberrian egindako erreportajean. Zoritxarrez, ez du koronabirusa gainditu.

Goiena aita-semeekin izan zen Aitorrek Lehenengo Mailan debuta egin eta segituan; Levantek Alavesen kontra Mendizorrotzan jokatu behar zuen partidua izan zen biekin batzeko aitzakia. Iazko martxoaren 1eko azalean irten ziren biak, baina Alavesen kontrako partiduan ondoan izan ziren beste senitarteko asko ere, Lehenengo Mailan lau jardunaldi jokatu berri zituen Levanteko atezaina bertatik bertara ikusi gura zuten eta. 

2019ko martxoaren 1eko azalean batu zituen Goienak Fernandez aita-semeak.

Ordurako ebakuntzatik oso errekuperatuta zegoen Angel Fernandez, eta ahal zuen guztietan semearen partiduak ikustera joaten zen, emazteak –Miren Abarisketa Arriaran– lagunduta. Egun hartan, futbol zelaira semea ikustera joaten zen guztietan moduan, partidua baino ordubete lehenago harmailetan zegoen Fernandez, semearen beroketa ariketak bertatik bertara ikusi gura izaten zuen eta. Futbol-zale amorratua, orduan GOIENAri aitortu zion ez zuela Aitor atezaina izaterik gura. Baina semeak aitaren pausoak jarraitu zituen, nahiz eta ez zuen sekula aita atezain jokatzen ikusi. Doluminak senitartekoei.    

Ezkerretik hasita, Luis Lopez 'Bonba' –Mondrako entrenatzailea–, Luis Arrieta, Angel Fernandez, 'Txiu', Luis Mari Uribesalgo, Iñaki Galdos eta Ramon Luengo; Agorrosingo berdegunean, denboraldi-aurreko Bergara Hiria torneoa jokatzeko gertu.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.