Angel Fernandez: "Ez nuen Aitor atezain izatea gura"

Xabier Urtzelai 2019ko mar. 1a, 20:00
Fernandez aita-semea, Mendizorrotza kanpoaldean, Alaves-Levante partiduaren ostean.

80ko hamarkadan Mondrako atezain izan zen Angel Fernandez –gaixotasun larri bat gainditu berri– harmailetan dabil jarraitzen Lehenengo Mailan debuta egin berri duen semearen lana. Elitera iritsi da Aitor Fernandez Abarisketa, eta geratzeko asmoa du.

Angel Fernandezen (1957) ametsa semea Lehenengo Mailan debuta egiten ikustea izan da. Aitorrek, baina, 27 urterekin eman du pauso hori, eta Angelek duela gutxira arte ez zuen argi ikusten amets hori inoiz beteko zuenik. 80ko hamarkadan Mondra Futbol Taldeko atezain izandakoak biriketako gaitz larri bati aurre egiten eman ditu azken urteak. Urriaren 17an egindako transplantean errekuperatu zuen hauspoa, eta semea elitera iristen ikusteko gogoa. Egindako esfortzuaren ordainetan, eta osasuntsu, otsailaren 2an semearen debutaren testigu izan ziren Angel eta Miren Abarisketa: "Aste hartan semeak jokatu egingo zuela sentitu nuen", dio Angelek.

Aitor, sentitzen dut elkarrizketa horrela hastea, baina komunikabideek aste osoa eman dute R. Madrilen kontrako ustezko penaltiaz berbetan, eta zu bertan zinen.
Aitor Fernandez: Bada, egia esateko, momentuan iruditu zitzaidan Dokourek Casemirori penaltia egin ziola, baina ondoren telebistan ikusi da ez dagoela kontakturik.
Orain, badakizu zer den Real Madrilen kontra galtzea...
Aitor: Bueno, masa sozial izugarria dute, eta ez da erraza euren kontrako erabakiak hartzea. Badirudi Real Madril goian ez badago ligak ez duela interesik.

Aitor Fernandezek joan den astean Viniciusi egindako gelditua denboraldiko onenetakoa izendatu dute.

Dagoeneko lau partidu egin dituzu Lehenengo Mailan. Ze balantze egiten duzu?
Aitor: Balantze positiboa izan da, duda barik. Baina lehenengo partidu hauek ez dira batere errazak, dena egin nahi izaten dugulako ondo. Entrenatzaileak esaten dizu ez hartzeko azterketa baten moduan, baina norberak jartzen dio presioa bere buruari. Orain hasi naiz nire burua atepean errekonozitzen, lasai egoten; hasieran, urduri nengoen.
Duela hamabost egun Mendizorrotzatik ez zinen pozik joan.
Aitor: Ez, futbol zelai hori kontrako eztarritik sartu izan zait beti; duela urte batzuk, Bilbao Athletic taldean nengoela, bertan egin nuen sekula egin dudan partidurik txarrena, eta aurrekoan ere normalean baino urduriago nengoen, banekien harmailetan etxekoak zeudela, gauzak ondo egin gura nituen... Bueno, pasa da. [Barre].

Aitor Fernandez Abarisketa, erdian –aita, Angel, eta Jone Fernandez Abarisketa, arreba, ondoan dituela– Ama, Miren Abarisketa Arriaran eskumatik lehenengoa da. Familiakoekin Mendizorrotzan egindako talde erretratua.

Angel, bete duzu ametsetako bat, Aitor debutatzen ikustea.
Angel Fernandez: Azken batean, familia osoaren ametsa izan da, Aitorrek futbolean jokatu gura zuela esan zigunetik espero izan duguna. Kosta egin zaio, baina lortu du.
Gaztetan Athleticeko harrobian, Espainiako selekzioan jokatzen... Gazte debutatzeko osagai guztiak zituen, eta ez da horrela izan. Erraza izango zen amore ematea.
Angel: Hogei urtez azpiko Munduko Txapelketan min hartu zuen eskuan, baina Marcelo Bielsak esan zion lehenengo taldean lekua zeukala. Ondoren lesio gehiago izan zituen eskuan, tartean ebakuntzak egin behar izan zizkioten, eta atzetik Kepa Arrizabalaga zetorren. Barakaldora utzita joan zen, eta nik ere uste nuen hor amore emango zuela, behin Athleticeko harrobitik irtenda...  Baina ez, lanean jarraitu zuen, eta iritsi da.
Aitor, aita Mondrako atezain izateak zenbaterainoko eragina izan zuen zuk ere postu bera aukeratzeko?
Aitor: Oso gauza kuriosoa da, nik ez dudalako aita sekula futbolean jokatzen ikusi, ezta bideoan ere. Argazki zahar batzuk bai, baina... Gene kontua izango da. [Barre]  

Angel Fernandez Amorebietan (1980-81 denboraldia). Harmailak zalez beteta, Hirugarren Mailara igotzeko igoera faseko partidua zen. Kanporaketa hori Amorebietak gainditu zuen, eta ordutik talde bizkaitarra ez da kategoriaz jaitsi.

Angel: Nik ez nuen Aitor atezain izaterik gura, inondik inora, badakidalako zer den atezain izatea. Joma taldean hasi zen gaztetan; orduan, Palaciosekin kategoria txikietako torneoetara joaten ziren, eta hark proposatu zion atezain izatea. Eta nik ezetz. Aste bateko epea eman nion Aitorri birritan pentsa zezan; ideia ahaztuko zitzaion esperantza nuen, baina ez. Gero, Haron (Errioxa) jokatutako torneo batean Palaciosi komentatu nion ea atezainekin lan egin nezakeen, Aitorrekin eta Iker Agirregabiriarekin. Atezainei normalean inork ez die kasurik egiten, eta berotze ariketak nirekin egiten zituzten. Bada, semearen lehenengo entrenatzailea izan nintzen. [Barre]
Semearen jarraitzaile handiena, baina neurri berean zorrotzena izan zara?
Angel: Bueno, beti egin izan dugu berba asko futbolaz, Aitor gazte-gaztea zenetik. Eta gauzak nik ikusten nituen moduan esan izan dizkiot beti, baina momentu egokia bilatuta, ez partidua amaitu eta berehala. Imajinatzen dut atepean egotea zer den jakiteak lagunduko zuela horretan, atezainaren postua zaila delako. Baina Aitorrek profesionalak izan ditu ondoan aholkuak emateko, atezain postua erakusteko, eta ez nuen nire gomendioekin semea nahastu nahi, beti ulertu izan dudalako ondoan izan dituen entrenatzaileek nik baino gehiago zekitela futbolaz.
Aitor: Atezain baten egunerokoan badaude momentu batzuk atezain izan denak bakarrik ulertzen dituenak, eta horretarako aita ondoan izatea lagungarria izan da. Baina berea eta nirea oso garai ezberdinak ziren. Futbola aldatu egin da, jokatzeko modua aldatu egin da, jokoaren abiadura aldatu egin da eta baloia bera ere asko aldatu da. Eta, tarteka, atezain batek huts nabarmena egin duela esaten duenean, eztabaidatu egiten dugu. [Barre]

Ezkerretik hasita, Luis Lopez Bonba –Mondrako entrenatzailea–, Luis Arrieta, Angel Fernandez, Txiu, Luis Mari Uribesalgo, Iñaki Galdos eta Ramon Luengo; Agorrosingo berdegunean, denboraldi-aurreko Bergara Hiria torneoa jokatzeko gertu.

Angel, semeak badu zurekin antzekotasunik atezain moduan?
Angel: Ez, ni baino askoz inteligenteagoa da. [Barre] Akaso, hanketan indar handiagoa neukan nik, baina hortik aurrera... Aitor ez da geldiketa ikusgarriak egiten dituen atezain horietakoa, baina oso azkarra da, eta etengabe dabil jokalariekin berbetan, taldea zuzentzen, aginduak ematen... Ni oso urduria nintzen, eta atepean gozatu beharrean sufritu egiten nuen; kuriosoa da, futbola maite nuen, baina jokatzen sufritu egiten nuen, ez dut inoiz atepean gozatu. Aitor, berriz, askoz lasaiagoa da.

Angel Fernandez, Mendizorrotzan, semearen partidua jarraitzen. Behean, Aitor aldagelarako bidean, partidua amaitu berritan.

Harreman estua izan duzue beti. Aitor, aitaren gaixotasunak eragina izango zuen zure egunerokoan...
Aitor: Etxean denok sufritu dugu asko. Nik kanpotik bizi izan dut prozesua, Vila-realera etorri nintzenean hasi zelako aita arazoekin [2013], eta, hain zuzen, kanpoan egoteagatik errudun sentitzen nintzen. Ez du zentzurik, baina halaxe sentitzen nintzen. Gaixotasun horrek, baina, gauzak beste modu batean hartzen lagundu digu denoi, indartsuago egin gaitu guztiok; akaso, horretxek lagundu dit Lehenengo Mailara iristen.
Angel, etxekoak behar dena baino gehiago ez arduratzen ahalegindu zara.
Angel: [Isilunea] Barkatu, emozionatu egiten naiz eta. Nik duela hilabete gutxira arte garbi neukan hiltzen ari nintzela, gehienez hilabetean eutsi ahal izango niola. Denbora honetan guztian emaztea izan dut ondoan, eta, esaten ez banion ere, gauetan konturatzen nintzen amatatzen ari nintzela; antsietatearekin esnatzen nintzen, eta oxigeno makina topera izanda ere ezin nuen arnasarik hartu. Birikak oso txarto nituen. Baina ez nituen seme-alabak arduratu nahi, egunez kalean txarto egonda ere itxurakeriak egiten nituen, ondo nengoela erakusteko. Baina etxekoak ez dira tontoak, garbi zuten egoera larria zela, oso txarto nengoela.
Aitor: Aita gaixo ikusita ikasten duzu futbolaz harago bizitza honetan zerk duen benetan garrantzia. Esaterako, lehen, eginbeharra zelako joaten nintzen entrenatzera. Orain, berriz, entrenamendu saio bakoitza beste modu batean bizi dut. Eta pasatakoak pasata, uste dut etxekooi tokatzen zaigula ostera ere bizitzaz disfrutatzea.
Aitor, zer eskatzen diozu geratzen den denboraldiari?
Aitor: Kategoriari eustea da taldeak duen helburu nagusia, eta ea hori lehenbailehen lor dezakegun. Hori azkar lortzen badugu, eta liga zelan dagoen ikusita, akaso beste helburu batzuen gainean egin genezake berba, baina oraingoz ez, 42 puntu horietara iritsi behar gara.


Egutegiari begiratuta, martxoaren 17an Anoetara etorriko zarete jokatzera. Eta, baliteke hor bi arrasatear egotea aurrez aurre. Ez da egunero gertatzen den gauza bat..
Aitor: Uste dut orain momentuan Gorosabel [Andoni] min hartuta dabilela, ea errekuperatzen den. Bada, partidu berezia izango da, zalantza barik. Polita izango litzateke bi arrasatear hor ikustea.
Andonik eta biok ezagutzen zenuten elkar lehenagotik?.
Aitor: Bada, ez. Ni oso gazte joan nintzen Arrasatetik, eta urteak eman ditut kanpoan, Vila-realen lehenengo, Sorian gero... Gainera, ni baino urte batzuk gazteagoa da. Realaren kontra etxean jokatu genuenean egon ginen momentu batean berbetan, baina ez, aurrez ez genuen elkar ezagutzen..
Partidu horiek bereziak izango dira zuretako, Anoetan, San Mamesen jokatzea... Aurki datoz partidu horiek..
Aitor: Zalantza barik, Euskal Herrian jokatzea beti da berezia. Umetan Realeko jarraitzailea nintzen, baina ondoren Athleticeko harrobian egon nintzen urtetan... Bi talde horiek bereziak dira niretako, eta norgehiagoka politak izango dira, zalantza barik. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak