Gora egin dute kasuek Debagoienean, eta azken positiboak batuta, honako hauek dira herrietako zenbateko metatuak: 600 Arrasaten, 287 Bergaran, 201 Oñatin, 149 Aretxabaletan, 55 Eskoriatzan, 50 Antzuolan, 18 Elgetan, 12 Aramaion eta 1 Leintz-Gatzagan.
Gorakada horri lotuta, Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du Debagoieneko 5.000 biztanle baino gehiagoko hainbat herritan intzidentzia tasa altua erregistratu dela azken bi asteetan. Horrela, horiz markatu ditu 60 eta 299 arteko intzidentzia izan dutenak (Aretxabaleta, Arrasate eta Bergara) eta laranjaz 300 eta 499 artekoa (Oñati). Honako mapa honetan agertzen dira udalerri bakoitzak pandemia hasi zenetik erregistratutako datuak:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Bestetik, Hego Euskal Herrian 14.409 PCR proba egin ziren atzo (herenegun baino 3.930 gehiago) eta 1.123 positibo atzeman dituzte (herenegun baino 335 gehiago): 444 Nafarroan izan dira, 303 Gipuzkoan, 291 Bizkaian, 77 Araban eta 8 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestalde, Gipuzkoan erergistratu den R0 datua 1,23koa izan da eta Arabakoa 1,04koa.
Ospitaleetan, aldiz, 53 lagun ingresatu zituzten atzo COVID-19aren eraginez, eta azken datuen arabera, 596 dira Hego Euskal Herriko erietxeetan daudenak; horietatik sei, Debagoieneko ospitalean. Bestalde, ZIUn daudenak 86 dira; herenegun baino lau gehiago.
Bukatzeko, atzo Nafarroan, sei pertsona zendu ziren, eta dagoeneko, Hego Euskal Herrian, 2.563 dira COVID-19aren ondorioz hildakoak.
Gaur, Eskuak Garbitzearen Mundu Eguna
Pandemiaren hasieratik errepikatutako gomendioa izan da eskuak ondo garbitzearena, eta gaur, hori indartzeko nazioarteko eguna da: Eskuak Garbitzearen Mundu Eguna, hain zuzen ere. Gauzak horrela, Osakidetzak hainbat gomendio eman ditu "norbanakoa babesteko", eta bereziki COVID-19ari aurre egiteko.
Leku publikoetan dauden azalerak edo objektuak ukitu ondoren eskuak garbitzea ezinbestekoa dela gogorarazi dute, eta baita konfinatuta dagoen pertsona batekin harremanetan egon bagara ere –hark erabili dituen tresnak ukitu baditugu–. Gainera, horri lotuta adierazi dute eskularruek, ere, eskuek bezala, birusa kutsa dezaketela, eta bestetik, garraio publikoan sartu eta irten ondoren ere eskuak garbitu behar direla. Bukatzeko, ahal dela behintzat, lantokietan materiala ez partekatzeko gomendatu dute, eta egiten bada, dena ondo desinfektatzeko.