EAJk A-636 autobiako ordainketa-erregimenaren alde egin du

Uxue Igarza Loiola 2020ko urr. 14a, 16:01

Aurreko astean, Ezker Aintza-IUk  bidesariak ezartzen dituen foru-arauaren zuzenketa erregistratzeko eskatu zion Elkarrekin Podemos-IUri. Argudiatu zutenez, inguruan ez dago garraio-zerbitzu publikorik, eta hortaz, "ezin da" beste errepideekin bezala jokatu. EAJk ordea, ezezkoa eman du Batzar Nagusietan.

A-636 errepidean, Beasain eta Bergara arteko autobidean, bidesaria ezartzearen alde agertu da jeltzaleen taldea, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Eric Galvez batzarkideak adierazi duenez, neurririk "eraginkorrena, bidezkoena eta koherenteena" da ordainketa-erregimena ezartzea: "Kanona ezartzeak aukera emango du eraikuntzak, mantentzeak, kontserbazioak eta ustiapenak sortutako kostuak agerian jartzeko, azpiegiturak erabiltzen dituztenei helarazteko, barne-orekako faktoreak ezartzeko eta gure errepideek behar dituzten kontserbazio- eta kudeaketa-kostu handiak berreskuratzeko". 

Elkarrekin Gipuzkoaren zuzenketari, ezezkoa

Galvezek adierazi du ezetza eman diotela Elkarrekin Gipuzkoak aurkeztutako zuzenketari. Zehazki, zuzenketa hori Debagoieneko eta Urola Garaiko Ezker Anitza-IUk eskatu zuen, izan ere, adierazi zutenez, "ez da bidezkoa" errepide horretan ordainsaria ezartzea: "Pentsatzen dugu ezin dela bidesarien ordainketa egin tokiko trafikoa igarotzen den eremu batean, baldin eta, gainera, hori ordezkatzeko garraio publikoko zerbitzurik ez badago".

EAJko batzarkidearen hitzetan, ordea, "kontraesana" da garraio publikoa sustatzeko A-636 errepidea doakoa izatea."Doakoa bada, sustatzen den gauza bakarra ibilgailu pribatuaren erabilera da", esan du Galvezek. Bestetik, jeltzaleak gehitu du bidesarien sistemak errepideak mantentzeko "zama ekonomikoa" kentzen diola Foru Aldundiari, eta, horrela, baliabide horiek "beste arlo batzuetara bideratzea" ahalbidetzen duela.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak