Sei positibo atzeman dira Arrasaten, eta Osasun Sailak emandako datuen arabera, guztira, 596 dira gaitza hartutako arrasatearrak; hala, ondoriozta daiteke 1.000 biztanletik 27 kutsatu direla dagoeneko. Oñatin, bestetik, azken orduetan hautemandako bi kasuek 193ra jaso dute orain arte kutsatutakoen zenbatekoa, eta 1.000 biztanleko hamazazpi dira kutsatu diren oñatiarrak. Aramaion ere positibo bat atzeman zuten atzo, eta hamabi dira orain arte kutsatutako herritarrak; hain zuzen ere, 1.000 biztanletik ia zortzi. Bukatzeko, Bergarako azken kasuak 282ra jaso du positibo metatuen zifra, eta ia hemeretzi dira 1.000 biztanleko kutsatutako bergararrak.
Honako mapa honetan daude herri guztietako datuak:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Positibo gehienak, Nafarroan
Hego Euskal Herriari dagokionez, atzo 10.479 PCR proba egin ziren eta 788 izan ziren emaitza positiboa eman zutenak: 378 Nafarroan, 186 Gipuzkoan, 179 Bizkaian, 39 Araban eta sei izan ziren bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean jasotakoak. Oinarrizko birsorkuntza datuari erreparatuz, Gipuzkoan 1,22koa erregistratu zen eta Araban 1,02koa.
Ospitaleetan, berriz, 595 lagun daude ingresatuta, atzo 53 pertsona ospitaleratu baitzituzten; eta azken datuen arabera, ZIUn daudenak 81 dira. Debagoieneko ospitalera etorrita, lau lagun daude bertan ospitaleratuta, Osasun Sailak azaldu duenez.
Hezkuntzari dagokionez, dagokienez, Hego Euskal Herriko 147 ikastetxetako 436 ikasgela daude konfinatuta.
Aurreko astean, 60 heriotza
Urriaren 5etik 11ra arte zendutakoen datua eman du jakitera Eusko Jaurlaritzak gaur: guztira, 34 lagun hil dira EAEn. Nafarroako datuekin batuta, guztira, aurreko astean, COVID-19ak eragindako 60 heriotza erregistratu dira Hego Euskal Herrian. Horrenbestez, lehenengo heriotza erregistratu zenetik (martxoak 4) eta atzo Nafarroan zendutako bi lagunak kontuan hartuta, orotara, 2.557 lagun hil dira.