Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa berbetarako gai hartuta jardunaldiak azaroan

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 13a, 12:06

Euskararen herria euskal hiztun izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Kontseiluak lankidetzan. Azaroaren 12an eta 13an Bilboko Bizkaia Aretoan egingo dira, eta online bidez ere eskainiko dituzte. Adituek, instituzioek zein eragileek hartuko dute parte.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok aurkeztu dituzte jardunaldiak Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, egin duten agerraldian. Transmisioa, hezkuntza eta helduen euskalduntzea lan-ildo nagusi hartuta euskararen normalizazioan hiztunak sortzeak duen garrantzia nabarmendu nahi izan dute. "Azken hiru hamarkadari begirako datuek eta gizarte mugimenduei begira jartzeak erakusten digu euskararen egoera onbidean jartzeko ahalegin instituzional eta sozial ugari egin direla, eta horiei guztiei esker ari garela emaitza baikor nahiz esanguratsuak lortzen", adierazi du Dobaranek. Ildo horretatik, zera gaineratu du Bilbaok: "Hiztunen ardatza oinarri hartuta, jardunaldi hauek ezagutzaren unibertsalizazioaren inguruan eta etorkizuneko gakoak identifikatzeari buruz patxadaz eta sakon hitz egiteko antolatu nahi ditugu".

Txatxilipurdiko Amaia Etxabe hizlarien artean

Transmisioa, hezkuntza eta helduen euskalduntzea oinarri hartuta, instituzioetan zein eragileetan lanean diharduten agente ezberdinen gogoetak entzuteko eta partekatzeko aukera izango da, mahai-inguru, elkarrizketa eta hitzaldi formatuetan. Horien artean, bi aurkezpen nabarmendu gura izan dituzte; batetik, soziolinguistikan aditua den Xavier Vilak azalduko du ezagutzaren unibertsalizazioak zein kokapen hartzen duen soziolinguistikaren diziplinatik; eta bestetik, Arrasateko Txatxilipurdi elkarteko Amaia Etxabek gizarteak ezagutzaren unibertsalizazioari buruz duen erantzukizuna izango du berbetarako gai. 

Bukaerako hausnarketa Jone Goirigolzarrik egingo du eta hiztun aktibo izatera iristeko gakoez jardungo du.

Jardunaldiak debalde izango dira baina izena aurretik eman beharra dago Kontseiluaren webgunean: www.kontseilua.eus. Hitzaldiak online jarraitu gura dituzten ikusleek ere derrigor eman beharko dute izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak