Kepa Errasti (aktorea): "Maskulinitatea du ardatz, estilo makarragoarekin"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko urr. 9a, 18:46

Aretxabaletarrak sortutako Xake konpainiaren Fadoak entzuten zituen gizona lana Bergaran eskainiko dute bihar, zapatua, Seminarixoan eta datorren astean Aretxabaletan eta Arrasaten.

Tolosan "arrakastaz" estreinatu zuten irailaren 18an, eta bihar, zapatua, egingo dute laugarrena, Bergarako Seminarixoan, 19:00etan. Leihatilan –emanaldia baino ordubete lehenago– eta Tickets.kutxabank.es atarian eros daitezke sarrerak.

Zelakoa da zuen konpainiak sortutako hirugarren antzezlana?

Gizontasuna da gai nagusia, baina horren bueltan mezu potente asko dauzkala esango nuke. Aurreko lanetan markatu dugun estilotik aldendu gara, estilo makarratxoagoa jarri diogu obra honi. Umore sarkastiko eta ganberro batetik kontatuta dago. Publiko helduarentzako da eta euskarazko bertsioa bakarrik egin dugu. Nire ideia edo istorio batetik abiatuta, Txarli Andradek idatzi du eta Getari Etxegaraik zuzendu.

Zer kontatzen du?

Oinarrian, bi lagun zaharrek ezustean egiten duten bidaia bat da. Mario (Iñigo Aranbarri) eta Ander (Kepa Errasti) umetako lagunak dira, baina urteak dira ez dutela elkar ikusi, Mario herriz aldatu zelako. Halako batean, ezustean topo egingo dute, Burgosko autobide batean; izan ere, Mario kamioilaria da, eta, autostopean, Ayamonterako (Huelva) bidean fado lehiaketa baten parte hartzera doan Ander jasoko du. Lagunak berriz banatu bitarteko bidaia hori da istorioa, eta Maskuk (Ane Gabarain), hirugarren pertsonaiak, darama haria.

Ze harrera izan du?

Egia da ikusteko zailagoa izan daitekeela, edo hori da nik daukadan sentsazioa, baina feedback ona jaso dugu; ikusleek ondo pasatu dute, gustura egin dute barre, eta zer pentsatua ere eman diela esan digute.

Zelan ari da aretoetako programazioetan sartzen?
Oso pozik gaude zentzu horretan ere. Udazkena topera dator, urria eta azaroa beteta ditugu; Euskal Herrian zehar ibiliko gara, eta hogeitik gora emanaldi ditugu dagoeneko lotuta.

Debagoienean, momentuz, hiru herritan izango zarete.
Bai; bihar, zapatua, Bergarako Seminarixoan izango gara; datorren egubakoitzean eta zapatuan, Aretxabaletako Arkupe kultura etxean eskainiko dugu; eta domekan, Arrasateko Amaia antzokian.

Aldi berean Sisiforen paperak antzezlana prestatzen ari zarete. Zer aurreratu dezakezu?

Egunkaria-ren auziari buruzko obra fikzionatu bat da eta EAE- ko hiru antzokik –Bilboko Arriaga, Donostiako Victoria Eugenia eta Gasteizko Printzipal– Centro Dramatico Nacional-ekin elkarlanean ekoiztu dute. Bi bertsio daude: euskarazkoa –une batzuetan elebiduna da– eta gaztelerazkoa.

Ibilbide luzeko artistak dituzu taldekide oraingoan ere.
Hala da, bai; Fernado Bernues da zuzendaria eta Harkaitz Canok idatzi du gidoia; eta aktore lanetan artista handiak daude: Mireia Gabilondo, Aizpea Goenaga, Dorleta Urretabizkaia, Mikel Losada, Anjel Alkain, Asier Hernandez, Iñaki Rikarte, Asier Hormaza... Horiek batzuk.

Ze paperetan eta noiz ikusiko zaitugu antzezlan honekin?

Egunkaria-ko zuzendaria naiz, baina, egiatik asko duen arren, ez ahaztu fikzioa dela. Azaro amaieran estreinatuko dugu; hasteko, hiru antzokitan egongo gara, eta apirilean, Madrilen eskainiko dugu.

Egoera dagoen moduan, zorionez, lanik ez zaizu falta.
Egia da, bai; pandemia garaian lanean egon naiz, telebistan atera zait lana: gidoilari jardun nuen Etxekoak telesailean, eta gero, Barre librea etorri zen, eta bertan jarraitzen dut. Zorionekoa naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak