Adrian Merino: "Kontinuistak garen? Ez, gu ondoren datozen horiek gara"

Xabier Urtzelai 2020ko urr. 9a, 18:00

Adrian Merinok (Aretxabaleta, 1985) pauso bat aurrera ematea erabaki du, eta egungo Gipuzkoako Federazioan batzordekide izatetik hauteskundeetara aurkeztuko den plataforma berria gidatzera pasa da. UDAko presidente ohia da, eta egun, Eibarko enpresa batean dihardu, giza baliabidetako zuzendari. Gipuzkoa denon joko-zelaia izena du plataformak, aurki egingo dute aurkezpena, eta Garai berriak plataformarekin lehiatuko da.

Hain zuzen, bi talde horietako hautagaiak, Manu Diaz eta Adrian Merino, debagoiendarrak dira. Badirudi hauteskunde beroak datozela; izan ere, batekoen eta bestekoen esanekin, eta sare sozialen ekarpenekin, berdegunea lokazten hasi da.

Gipuzkoa denon joko-zelaia. Izen integratzailea jarri diozue plataformari.

Hori da gure asmoa eta gogoa. Gipuzkoako oinarrizko futbola eta amateur mailakoa boluntario askoren batuketa da, eta inor ez dago soberan, denak behar ditugu: jokalariak, epaileak, delegatuak, zuzendariak... Eta, horrekin batera, guretako ez daude klub handi eta klub txikiak, denak dira berdinak. Horregatik uste dugu denon jokozelaia dela.

Juan Luis Larreak hiru hamarkada egin ditu Federazioan eta azken bi legegintzaldietan haren taldean izan zara. Proiektu horren jarraipena zarete?

Horixe da batzuek aurpegiratzen digutena, baina etiketa horiek ez naute arduratzen. Ni 2012an sartu nintzen Federazioan, orduan Larreak UDArekin konpromiso bat hartu zuelako; alegia, klubeko pertsona bat Federazioan ordezkatuta egotea. Egia da Juan Luisen estiloa nahiko presidentzialista dela eta nire ekarpena ez dela nahiko nukeena besteko handia izan. Hala ere, harro nago haren ondoan azken zortzi urteotan Federazioan egindako lanarekin. Eta egia da urte arraroa izan dela, koronabirusarengatik edo, ahaztu egin da orain arte egin den lana.

Etiketa horretatik aldentzen zarete.

Gu ez gara inoren kontinuistak, gu ondoren datozen horiek gara. Proiektu berritzailea, gaztea baina, aldi berean, esperientziaduna, eta Federazioa ezagutzen dugu. Federazioko batzordea osatzen dute hogei lagunek eta presidenteak, eta bost lagun geratu gara. Hala, orain arte ondo egin dena egiten jarraituko dugu, eta txarto egin dena zuzendu egingo dugu.

Gertu dituzue zerrendak?

Bai; aurki egingo dugu aurkezpena. Jende oso prestua batu dugu proiektuaren bueltan, gizonezkoak eta emakumezkoak, eta ilusio galanta dugu.

Aipatu dugu Gipuzkoan futbolak indarrak batzea behar duela.

Zalantza barik. Uste dut bi hautagaiek nahiz eta programa ezberdinak izan funtsean zentzu berbera izan dezaketela, nahiz eta puntu batzuetan aldea nabarmena izan. Aipatu moduan, oinarrizko futbolean eta futbol amateurrean boluntario guztien beharra dugu. Hala ere, zaila da hitzarmenak lortzea hautagaietako batek lana boluntarioki egiteko asmorik ez duenean eta helburu pertsonalak kolektiboarekin nahasten dituenean. Ni neu musu-truk lan egiteko prest nago.

Zeintzuk dira zuen lan-ildoak?

Galdera hau erantzuten asko luzatuko nintzateke, baina, laburbilduz, osasunean, formakuntzan, integrazioan eta talde lanean oinarrituko gara. Denek tokia izango duten GFF independente eta neutral baten alde lan egin gura dugu, Gipuzkoa guztion joko-zelaia izan dadin. Bultzada izenburua jarri diogu antolaketa eraginkor baten alde egin gura dugun lanari, baliabideak berrantolatuz, zerbitzuak deslokalizatuz eta tramite administratiboak erraztuz. Eta, esaterako, Integrazioa izeneko izenburupean sartu dugu zenbait klubek gizarte ikuspuntutik abiarazi dituzten proiektuak partekatzeko ideia. Hau da, klub batek sekulako lana egin badu, esaterako, drogazaletasuna prebenitzeko, bada, Federazioak bere egin dezake ekimen hori. Adibidez, Hernanin lan ikusgarria egin dute sexu-jazarpenaren gaiarekin, eta uste dugu Federazioak hor ekarpen handia egin dezakeela. Azken puntu moduan Talde lana izendatu dugu. Eta hor, Lurralde Taldea sortuko dugu, guztiok ahotsa izan dezagun. Taldeko buru lehendakariorde bat izango da, eta guztiok konektatuko gaitu. Eta, aldi berean, hartutako konpromiso guztiak betetzen direla zorrotz zainduko du Auditoretza eta Gardentasun Batzordeak.

Euskal selekzioaren ofizialtasunaren gaia ere hor dago.

Bai, eta esango nuke gizartearen gehiengoaren nahia eta gogoa dela ofizialtasunarena, baita gurea ere. Baina uste dut aldarrikapen horren bueltan zintzoak izan behar dugula. Euskal Federazioan hiru lurraldeak daude ordezkatuta eta hor Gipuzkoak zeresan txikia du. Bizkaiak du gehiengo osoa. Hain zuzen, azken legegintzaldian, euskal selekzioaren barruan ofizialtasuna eskatu duen lurralde bakarra Gipuzkoa izan da.

Ibarrekoak zarete bi hautagaiak, eta azken asteotan hauteskundeen bueltan giroa nahastu egin da.

Beno, nik ez dut saltsa horietan sartzeko asmorik, nahiz eta iritsi zaizkidan gauzak. Ni Larrearen kontinuista naizela, Manu Athleticekoa dela, presidente moduan kobratu egingo duela... Ez diot garrantzirik ematen horri. Nik 35 urtean ibilbide bat erakutsi dut eta Manuk berea erakutsi du. Nire asmoa da gure proiektua azaltzea, eta, seguru, futbolagatik dugun pasioak denok batzen gaituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak