Gripearen aurkako txertaketa-kanpaina berritasunekin dator

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 4a, 10:50

Txertaketa-kanpaina orokorra urriaren 13an hasiko du Osakidetzak, baina astebetez aurreratzea erabaki du adinekoen egoitzatan eta osasun arloko profesionalen artean; urriaren 5ean hasiko dira jasotzen horiek. Berritasunekin dator aurtengo kanpaina; txanda hartzeko ez dute deitu beharrik izango herritarrek aurten, OSIko profesionalek deituko baitie jakinarazteko.

Gaixoen zein osasun profesionalen segurtasuna bermatze aldera hainbat neurri hartu ditu aurten Osakidetzak. Horien artean dago txanda hartzeko modua; OSIko kideak jarriko dira pazienteekin harremanetan, eta txertoa non eta noiz hartu zehaztuko diete. Kanpainak bi hilabete iraungo du, eta eskatu dute deia jaso arte "lasai" egoteko: "Hitzordua jaso arte itxoin eta ez joan osasun zerbitzuetara kanpaina abian jarri orduko".

Lehentasuna arrisku taldeetako herritarrek

65 urtetik gorakoek eta arrisku talderen bateko herritarrek dagokien osasun zentroko deia jasoko dute txertoa hartzeko hitzordua emateko; eguna, ordua eta lekua, zehaztuko diete. Lehenengo asteetan askotariko patologiak dituztenek lehentasuna izango dutela jakinarazi dute, baita etxean bizi diren gaixo kronikoek eta 2019an txertoa jaso zutenek ere. Telefono bidezko mezu bat ere bidaliko diete hitzordua gogorarazteko.

Hori guztia koordinatzeko zerbitzu berria jarriko dute abian –astean zazpi egunetan, 08:00etatik 22:00etara izango da–. Herritarren deiak jasoko dituzte hor, txertaketa-txandak zehaztu eta emandako hitzordu horiek aldatu edo ezereztu. Hain zuzen ere, Osarean-ek eskainiko duen zerbitzu berri horretara bideratuko dituzte osasun etxeetatik txertaketa-kanpainaren gaineko deiak.    

Osasun saileko profesionalak ere bai

65 urtetik gorakoez eta arrisku taldeetako herritarrez gain –diabetesa, bihotzeko gaixotasunak eta bronkitis kronikoa dutenak eta haurdun daudenak– honako hauek ere txertoa jaso ahal izango dute: osasun saileko profesionalek, gizarte eta osasun arloan diharduten langileek eta etxean gaixoak zein adinekoak zaintzen dituztenek. Osasun sailburu Gotzone Sagarduik hain zuzen ere, txertoa hartzera gonbidatu zituen horiek guztiak joan den egubakoitzean egindako agerraldian, nahiz eta derrigorra ez izan.

Talde horietakoak izan barik txertoa hartu gura izanez gero urriaren 31tik aurrera deitzeko gomendatu du Osakidetzak, lehenengo fasean "arrisku taldeak lehenetsi" dituztelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak