EAEn 7.946 PCR proba egin zituzten atzo eta horietatik 418 izan ziren kasu positiboak: Araban 70, Gipuzkoan 142, Bizkaian 186 eta EAEtik kanpokoak 20. Eguaztenean baino 3.000 proba gutxiago egin zituzten atzo, hala eta guztiz, positiboek gora egin dute, 33 gehiago izan dira.
Atzo ospitalean ingresatutakoak 36 izan ziren, eta guztira, 244 dira COVID dela eta ospitaleratutakoak orain; ZIUn, 56 daude.
Hamazazpi positibo berri Gipuzkoako egoitzetan
Gipuzkoako adinekoen egoitzetan hamazazpi positibo berri atzeman dituzte azken orduetan, guztiak Donostiako Alai Etxe egoitzan. Hortaz, 64 dira guztira gaur gaurkoz, kasu positiboak. Debagoienean egoitza bakarrean daude gaixoak, Bergarako Mizpirualden, 23 hain zuzen ere. Gainerakoak honako zentroetan daude: Hernaniko Santa Maria Magdalena (9), Errenteriako Jesusen Bihotza (4), Donostiako Alai-Etxe (27) eta Donostiako La Paz (1).
Murrizketa gehigarririk ez
Euskadiko Babes Zibileko Planaren zuzendari bakar gisa laguntzen dion Aholku Batzordearen buru izan da lehendakaria gaur, egubakoitza, eta bileraren ostean jakinarazi dute ez dutela COVID-19ari aurre egiteko neurri gehigarririk aurreikusten EAEn, hau da, murrizketa gehigarririk ez dela aplikatuko. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du gaur egun indarrean dauden neurriei eutsiko dietela, eta gogorarazi du prebentzio-jarraibideak zorrotz betetzearen garrantzia.
Azken datuei erreparatuta ondorioztatu dutenaren berri ere eman du: intzidentzia-tasek eta oinarrizko birsorkuntza tasak –azken hilabete eta erditik hona– "beheranzko joeran" jarraitzen dute; eta PCR testek adierazten dutenez positiboen ehunekoak "egonkor" jarraitzen du.
Ospitaletan dauden gaixoen kopurua jaisten ari dela pixkanaka ere adierazi dute: "Euskadik 620 ZIU-ohe izan ditzake, eta aditzera eman behar da, bigarren bolada honetako kurba epidemiko osoan, ez dela ZIUetako Kontingentzia Planaren bigarren agertokira pasa behar izan".