Goienaren sare sozialek hazten jarraitzen dute

Maialen Santos 2020ko urr. 2a, 14:27

Goiena albisteak Twitterreko kontu orokorrak asteon gainditu du 5.000 jarraitzaileen langa. Bestetik, Instagram da azken urteetan hazkunde handiena izan duen sarea. Debagoiendarrekin edukiak partekatzeko baliatzen ditu Goienak sare sozialak.

Goiena albisteak Goienaren Twitterreko kontu orokorrak 5.000 jarraitzaileren langa gainditu du asteon. Kontu horretatik elkarbanatzen dituzte debagoiendar guztien interesekoak izan daitezkeen edukiak. Horretaz gain, herri bakoitzaren izena daraman kontu bana ere badu 2011 ezkero; herri handienak, Arrasatek, ia 1.700 jarraitzaile ditu, eta Bergarak eta Oñatik ere 1.000tik gora. Beste bi kontu orokor ere badauzka, kirolarekin eta kulturarekin lotutakoak.

Mirari Altube Goienako Internet saileko arduradunak azaldu duenez, sare sozial horrek ematen dituen "abantailetako bat" azkartasuna da: "Esaterako, hauteskundeetan eta une berezietan azkartasuna eta gertuko informazioa uztartzea ahalbidetzen du sareak". Are gehiago, azken udal hauteskundeetan asko izan ziren gertuko informazioaren uneoroko jarraipena Twitter bidez egin zutenak.

Facebooken ere, gora etengabe

Era berean, Facebooken kontu orokorra eta herrietako kontuak ere kudeatzen ditu Goienak, eta guztira 9.500 jarraitzaile inguru ditu. Hilean behin, gainera, zozketak egiten dituzte Facebook bidez, eta Altubek azaldu du "arrakasta handikoak" izaten direla.

Twitter zein Facebook "zero kilometroko" edukia partekatzeko erabiltzen dituzte: "Argi dugu sare sozialak informazioa zabaltzeko egokiak direla, baina gure edukiaren jabe geuk izan behar dugu. Herritik sortua, herriarekin egina eta herritarrena da gure proiektua, eta ildo horri jarraituta lantzen dugun gertuko informazioa, debagoiendarren interesekoa, eta komunitateko kideekin sortutakoa zabaltzea dute helburu Twitterreko zein Facebookeko kontuek".

Instagramen hazkundea

Instagram da azken urteetan gehien "hazi" den sare soziala –ia 2.900 jarraitzaile ditu–, eta Goienaren "marka sustatu" eta herritarrekin "hartu-emana gauzatzeko" erabiltzen dute. Youtubeko kanalean, aldiz, erreportaje atenporalak eta iraungitze data luzekoak eskegitzen dituzte. Jaietako saioak ere ikusgai daude bertan, eta "ikusmin handia" eragiten dute horiek. Whatsapp eta Telegram dira Goienak dituen sarerik berrienak. Guztira, 800 jarraitzaile inguru dituzte. Eguneko "albiste nabarmenenak" partekatzeko zein abisuak helarazteko erabiltzen dituzte. Osasun krisia hasi zenetik "nabarmen" egin dute gora albisteak mugikorrean jasotzeko eskaerek. Horiek Whatsapp bidez jaso gura dituenak ALTA bidali behar du 688 69 00 07 zenbakira, eta Telegramen jaso gura dituenak @GoienaAlbisteak kanalera batu behar du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak